Bilbon, ehunka lagun bildu dira goizean plaza Eliptikoan Gobernu espainolaren ordezkaritzaren egoitzara begira. 11.30 pasatxo ziren batzuk behatz lodia altxatzen hasi eta txalo zaparradak eztanda egin duenean. Besarkadak, laztanak, negar malkoak ere ikusi ahal izan dira zenbait aurpegitan, eta «euskal presoak etxera» oihu ozenek hartu dute plaza. Aipatzekoa, plaza ingurutik igarotako autoetatik jasotako agurrak, edota Jone Artola Etxerateko kidea eta Aste Nagusiko txupinera bera, plazaren inguruan bildutakoak agurtzen autoa plazaren inguruan gidatzen zuen bitartean.
‘Ordua heldu da, minutu bat gehiago ez, 197/2006 doktrina eten’ leloa zuten kartelak erakutsi dituzte eta EH Bilduko ordezkari ugari eta LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide ere han izan dira.
Donostia
Donostian Bulebarrean egin dute elkarretaratzea. Aurpegi alaiak sumatzen ziren bertaratuen artean eta epaiaren aldekotasuna ziurtzat ematen zutela zirudien. Erabakia txaloka hartu dute eta besarkadak eta muxuak ere izan dira. Hasierako pozak, hala ere, zuhurtziari eman dio txanda eta «orain zer» galdetzen zuen jende askok.
Iruñea
Iruñean kontzentrazioa egin beharrean Arrano elkartean bildu dira Estrasburgotik heltzen ziren berriak jasotzeko. Hamaiketan asanblada informatiboa egiteari ekin diote, Epaitegi europarrak zehazki zer erabaki behar zuen eta zer aukerak ematen zituen azaltzeko. Honekin batera epaia positiboa baldin bazen ere, urteetan eman den injustitzia bat konpontzea baino ez lukeela egingo nabarmendu dute. Bide batez, hemendik aurrera moblizazioa mantentzea beharrezkoa dela ere adierazi dute asanblada horretan, oraindik ere presoen giza eskubideen urraketak ematen jarraitzen direlako (sakabanaketa, preso gaixoen egoera, …).
Dena den, Estrasburgoren epaiaren berri interneten bidez jaso denean txaloak izan dira Arranon, Madrilen erantzuna zein izango den kezka sortzen bazuen ere.
Gasteiz
Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan bildu dira 200 lagun inguru. Europatik heldu den erabakia jaso dutenean 11.40 aldera, txaloka jaso dute, baina han ere zuhurtzia izan da nagusi, hemendik aurrera zer gertatuko den zain. Erabakia berandu datorrela ere nabarmendu dute.