‘Konponbidearen alde, eskubide guztiak, libre, epaiketa politikorik ez’ lelopean, 17.30ean abiatuko da martxa Bilboko Jesusen Bihotza plazatik. 35/02 eta 26/11 sumarioetan auzipetutako hainbat lagunek agerraldia egin zuten ostiralean eta manifestazioaren garrantzia azpimarratu zuten «pertsona libreak herri librean izan nahi dugulako».
Arabako Batzar Nagusietako eta Laudioko Udaleko kideek ere agerraldia egin zuten herenegun, bi makroepaiketak salatu eta auzipetuei eurekin daudela erakusteko. Bereziki 35/02 sumarioan epaitzen ari diren Santi Hernando izan zuten gogoan, ezker abertzaleko ordezkaria izana Batzar Nagusietan, Gasteizko Parlamentuan eta Laudioko Udalean.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko «familiak» babesa eman dio bertako presidenteari, Mikel Arregi Ertxini. Bertze 35 lagunekin batera, 35/02 sumarioan auzipetuta dago Ertxin eta Auzitegi Nazionaleko epaiketari aurre egiten ari da.