NAIZ.INFO
BILBO

Idoya Iragorri eta Irati Mujika ezkutuan diren auzipetuak manifestazioan izan dira

Gazte independentisten aurkako auzian direnetako lauk epaitegira ez aurkeztea erabaki zuten eta horietako bi, Idoya Iragorri sestaotarra eta Irati Mujika amezketarra, Bilboko manifestazioan izan dira gaur. Protestaren hasieran gainontzeko auzipetuekin bat egin dute.

Idoya Iragorri eta Irati Mujika gainontzeko auzikideekin manifestazioaren hasieran. (NAIZ.INFO)
Idoya Iragorri eta Irati Mujika gainontzeko auzikideekin manifestazioaren hasieran. (NAIZ.INFO)

Urriaren 14ean 40 gazte independentisten aurkako epaiketa hasi zenean Madrilera ez joatea erabaki zuten horietako lauk; Unai Ruiz Pou, Goizane Pinedo, Idoya Iragorri eta Irati Mujikak. Gaur, azken biak Bilboko manifestazioan izan dira gainontzeko auzipetuekin batera.

Familia argazkia egin dute 38ek elkarrekin eta babes mezua igorri diete ezkutuan diren gainontzeko biei ere. Manifestazio osoan presente izan dituzte lauak, horretarako puxika erraldoi bana puztu eta protestaren buruan eraman dituzte lauen izenak bertan idatzita zirela.

Ezkutuan diren lau gazte independentistek Espainiako Auzitegi Nazionalari ez diotela zilegitasunik aitortzen azaldu zuten ezkutatzea erabaki zutenean eta herritarrei elkartasunetik konpromisora igaro eta epaiketak eteteko deia egin zieten.