Naiz.info
Iruñea

Fagorren inguruan MCCk «erabaki okerrena» hartu duela dio LABek

Mondragon Taldeak Fagor Etxetresnak ez berpizteko hartutako erabakia «okerrena, gogorrena eta gutxien elkarbanatzen duguna» dela esan du LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek. 

Ainhoa Etxaide artxiboko irudian. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Ainhoa Etxaide artxiboko irudian. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

«Hipotesi guztietan okerrena dela» iritzi dio LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek Fagor Etxetresnen inguruko egoerari hitz egiterakoan. Nolanahi ere, gertatutakoak ez ditu, bere iritziz, «MCC eta kooperatibismoa kolokan jartzen» nahiz eta lantegiaren itxierak «kooperatibismoa oinarrizko habe gisa ulertzeko modua aldatuko duela» uste duen.

LABeko arduradun nagusiak instituzioen jarrera kritikatu du eta euskal industriaren politika zalantzan jarri du «MCC erortzen nola utzi duten ikusita».

«Enpresa handi bat erori da», gaineratu du Etxaidek eta itxierak ekarriko dituen milaka lanpostuen galeraz ohartarazi du.

Fagorren kasua, ordea, «izebergaren punta» dela adierazi du, «bost urte baitaramatzagu lantegiak ixten eta horrek ondorioak izango ditu ondorengo belaunaldiengan».

«Larrialdi egoera» honek Euskal Herriko etorkizun ekonomikoari buruzko «egiazko eztabaida bat» ekarri behar duela azpimarratu du, egun ematen ez den debatea, bere aburuz.