Naiz.info
Donostia

Euskal eragile desberdinek Mandelaren lana goratu eta bere heriotza tamaldu dute

Alor desberdinetan diharduten euskal eragileek Nelson Mandelaren heriotza tamaldu dute, horien artean, Sortu, EAJ, EH Bildu, Aralar, PSE, PP, Bake Bidea, EA, LAB eta SOS Arrazakeriak. Guztiek lider hegoafrikarrak bere bizitzan egindako lan oparoa goratu dute.

Mandelaren lana goretsi dute alderdi eta eragileek. (Alexander JOE/AFP)
Mandelaren lana goretsi dute alderdi eta eragileek. (Alexander JOE/AFP)

Sortuk Nelson Mandelak «askatasunaren alde egindako lan nekaezina» azpimarratu du. Bere iritziz, «herriaren maitasuna lortu zuen liderra» izan zen, eta bere heriotzarekin «sekulako hutsunea uzten duela, bai Hegoafrikan, baita Afrika osoan ere».

Ildo horretan, «doluminik sentikorrenak» helarazi dizkio Hegoafrikako herriari, gobernuari eta, batez ere, ANCri eta apartheidaren kontrako mugimenduari.

EH Bildutik, Laura Mintegik «errespetu osoa» adierazi dio Mandelari, «pertsona gisa eta mundua aldatzeko oinarriak dituen alderdiko kide izateagatik ere. Mundua aldatu nahi izan zuen pertsona izan zen, eta hein batean lortu zuen», esan du.

PSEtik, Patxi Lopezek adierazi du bere heriotzarekin «gizabanakoaren duintasunaren zati bat hil dela» eta antzeko mintzatu da Bizkaiko Batzar Nagusietako PPko ordezkari Esther Martinez: «Duintasunaren eredu zen. Nire errespetu osoa berari eta utzitako ondareari».

EAJtik, EBBko buru Andoni Ortuzarrek Mandelaren «ibilbide politiko eta humanoa» goretsi ditu eta Euskal Herrian «bakearen alde lanean ari garenon inspirazio iturri dela» nabarmendu du.

Bide beretik mintzatu da EA beste ohar batean. «Askatasunerantz eta bakerantz doan bidea egiten ari diren herriek erreferente bat galdu dute», adierazi du alderdiak. Bere ustez, «Hegoafrikako berradiskidetze prozesuak, bere gogortasun eta zailtasunagatik, argi erakusten du egoera guztiak gainditu daitezkeela horretarako borondate politikoa baldin badago».

Aralarren aburuz, «Euskal Herrian beharrezkoa da Mandelaren eredua jarraitzea, gatazka politikoa gainditzean eta egiaren bilaketan, batez ere».

Bake Bideak ere oharra kaleratu du Mandelaren heriotzarekin. «Egiten ahal diegun homenaldi hoberena bakearen bidean lanean segitzena litzateke», nabarmendu du, «elgarrekin beldurra den tokian kuraia sustengatuz, gatazka den tokian negoziaketa bultzatuz eta etsipenduak erreinatzen duen tokian itxaropena emanez», Mandela beraren hitzak gogora ekarriz.

LAB sindikatuak ere doluminak helarazi ditu eta Mandelaren «borroka nekaezina» azpimarratu du. «Bere apartheidaren erregimenaren aurkako borroka, bere kartzelaratze bidegabea eta bere koherentzia eta zuzentasunak mundu zabalean pertsonen munduaren alde eta zapalkuntza guztietatik aske diren herrien alde borrokan gabiltzan guztiontzat erreferentzial bilakatzen dute», esan du.

SOS Arrazakeriak Madibaren elkartasuna aldarrikatu du eta askatasunaren alde egindako lanak egun duen garrantzia azpimarratu.