NAIZ.INFO
BILBO

EPPKko bitartekarien espetxeratzea gogor gaitzetsi dute Sortu, Aralar eta Alternatibak

Iragan asteazkenean atxilotu zituzten EPPKko bitartekaritzako zortzi kideak espetxeratu izana gogor kritikatu dute Sortu, Aralar eta Alternatiba alderdiek. Halako «salbuespen egoerak» gainditzeko elkarlanari ekiteko deia egin diete Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalei.

Ohar banatan, Sortuk, Aralarrek eta Alternatibak elkartasuna adierazi diete Eloy Velasco epaileak espetxeratutako EPPKko zortzi bitartekariei.

Pernando Barrena Sortuko eledunaren ustez, espetxeratzeak «EPPKren adierazpenean eta preso ohien agerraldian erakutsitako konpromisoari bakearen etsaiek emandako erantzuna dira».

«Espainiak Euskal Herriarentzat zer eskaintza duen adierazi du berriro ere: errepresioa, ukazioa eta inposizioa», nabarmendu du eta, horregatik, «salbuespen egoerak» gainditzeko Euskal Herriko eragile desberdinen arteko elkarlanerako deia egin du.

Aralarren aburuz, bitartekariak espetxeratu izana «demokraziaren aurkako astakeria» da.

«EPPKko bitartekariak lan politiko eta zibila egiten ari ziren, eta horien aurkako lehendabiziko operazio poliziala eta oraingo espetxeratze agindua ez dago ulertzerik demokrazia batean. Espainiako estatuak oinarri-oinarrizko eskubideak urratzen ari da orain ere», azpimarratu dute.

«Oztopoak oztopo, Euskal Herriko gizartea erakusten ari da heldua dela, eta Madrildik datozen erasoei jaramon egin gabe lanean jarraitu behar dela gure herrira bakea eta normalizazioa ekartzeko», adierazi du Rebeka Ubera Aralarreko antolakuntza idazkariak.

Alternatibako bozeramale Asier Vegak esan du asteazkenean atxilotutakoen espetxeratzea Eloy Velascoren «akats larria» izan dela, autoan jasotzen denez, «ordezkatzen dituzten presoekin komunikatzea beste deliturik egin ez dutelako».

Halako erasoen gainetik, Vegak nabarmendu du euskal jendarteak bake eta eskubide eske kaleak betetzen jarraituko duela.