NAIZ.INFO
Paris

«Viva España!» Parisen, abortoaren aurkako urteroko manifestazioan

Espainia eredu dute Frantziako Estatuan abortatzeko eskubidearen aurka direnek. Urtero abortoa debekatzea eskatuz Parisen egiten duten manifestazioan Espainiako Gobernuak abortatzeko eskubidea ukatzeko osatu duen legea «esperantza» gisa ikusi dute, Frantziako Estatuan ere legea norabide horretan aldatzea galdetuz.

Abortatzeko eskubidearen aldekoek, berriz, elkartasuna adierazi zieten espainiar Estatuko biztanleei. (Thomas SAMSON / AFP)
Abortatzeko eskubidearen aldekoek, berriz, elkartasuna adierazi zieten espainiar Estatuko biztanleei. (Thomas SAMSON / AFP)

«Viva España» zioten Parisen atzo arratsaldean abortatzeko eskubidearen aurka urtero egin ohi duten manifestazioan. Espainiar legedia eredu dute, PP Gobernuan denetik, abortatzeko eskubidearen aurka direnek eta «esperantza» ikusten dute, gainera, lege erreforma horretan. Izan ere, PPk Gobernua hartu duenean abortatzeko eskubidea ukatzen duen legedia osatu duenez, Frantziako Estatuan ere gauza bera egin daitekeela uste dute.

Urtero egin ohi dute Parisen urtarrilaren 19an abortatzeko eskubidearen aurka direnek manifestazioa. Igande honetan milaka izan ziren, berriz, kaleak hartu zituztenak. Poliziak 16.000 lagun inguru izan zirela adierazi zuen (40.000 esan zuten antolatzaileek). Bederatzi urtez egin dute jarraian manifestazio hori, aurten indar berezia egin dute astelehen honetan eztabaidagai baitute Frantziako Asanblean abortoa. Emendakina onartu nahi du PSk berdinatsunaren inguruko lege batean, abortatzeko eskubidea errazteko aukera berriak erantsiz.

Espainia Europaren eredu abortoaren aurka

Espainiatik joandako ordezkari ugari izan zen Pariseko moibilizazioan. PPko kongresuko kideak zeuden eta baita abortatzeko eskubidea ukatzen duten hainbat elkarteetakoak ere. Luis Peral PPko senatariak adierazi zuen «Espainia eredu» dela Europan «abortoaren aurkako borrokan eman den norabide aldaketan». Jose Eugenio Azpiroz Villar PPko diputatu espainiarrak adierazi zuen «zerbait aldatzen» ari dela Europan.

Manifestazioaren alboetan abortatzeko eskubidearen aldekoak ere elkartu ziren. Kasu honetan espainiar jendarteari «elkartasuna» adierazi zieten PPren Gobernuak abortoaren aurka ezarriko duen legeak eragingo dien kalteagatik eta «gure gorputza gure erabakia» oihukatuz hartu zuten manifestazioa.

Ikurrinak ere izan ziren Parisko manifestazioan. Sarean ari dira salatzean Baionako gotzainak ere parte hartu zuela mobilizazioan: