Pertsona ezagunek irakurriko dute Segiko kide izatea egotzita epaitu dituzten 36 gazteen azken hitza datorren urtarrilaren 31an burutuko duten ekimenean. Zuriñe Gojenola auziperatuak azaldu duenez, «jokoan dagoena herri honen geroa da» eta horregatik herriari eman nahi diotela hitza esan du.
Jesus Egiguren, Txema Montero, Toti Martinez de Lezea, Jose Luis Korta, Alex Txikon eta Miren Amuriza izan dira, besteak beste, alegatuarekin bat egin eta atxikimendua eman dutenak.
Auziperatuek agerraldian nabarmendu dutenez, «duela hilabete batzuk baino handiagoa da epaiketen kontra dauden herritarren multzoa, eta geroz eta zailagoa epaiketak egitearen aldeko jarrera». Hala ere, datozen hilabeteetan 200 herritar baino gehiago epaitu ditzaketela gogoratu dute eta horregatik pausu berriak emateko deia egin dute. «Gatazkatik konponbidera zubia igarotzeko garaia da eta zubi hori denon artean eraiki nahi dugu ahalik eta zabalena eta sendoena izateko», azpimarratu dute agerraldian.
Ildo horretan, datorren astean egingo duten agerraldia «etapa baten bukaera eta beste baten hasiera» izango dela jakinarazi dute.