NAIZ.INFO
ELORRIO

«Guk jasandakoa beste inork sufri ez dezan», manifestazioa deitu dute bihar Elorrion

Arkaitz Bellonen heriotza salatu, egungo espetxe politika errefusatu eta «berriro gerta ez dadin, beste inork guk jasandakoa sufri ez dezan», presoaren senide eta lagunek manifestazioa deitu dute bihar arratsaldeko 17.30ean Elorrion.

Agerraldi jendetsua egin dute Elorrioko plazan. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Agerraldi jendetsua egin dute Elorrioko plazan. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

‘Espetxe politika honi ez, Sakabanaketa amaitu’ lelopean, bihar Elorrion manifestazioa antolatu dute Arkaitz Bellonen senide eta lagunek, heriotza salatu eta kartzela politika alda dezatela exijitzeko.

Agerraldi jendetsua egin dute Bellonen jaioterrian eguerdian, eta ondoren kontzentrazio isila egin dute herriko plazan. Taberna eta dendak itxi egin dituzte.

Prentsaurrean, gertakariarekin «lur jota» daudela agertu dute Belloni berari zuzendu dizkien hitzen bitartez.

Elorrioko presoak jasandako sakabanaketa politika ere izan dute mintzagai, azken urteetan Valdemoro, Ocaña, Herrera, Algeciras, Puerto III, Sevilla eta Puerto I espetxeetan izan baita preso.

«Hurbiletik bizi izan dugu 13 urteko espetxealdi luze eta gogor hau; ordu luzeetako bidaiak sakabanaketaren ondorioz. Kristal lodiaren beste aldetik, kartzeleroen jipoiek eragindako ubeldurak sentitzea. Zure bakardadea gure bakardadea izatea. Baina beti eskaini diguzu zure irribarre gozoa», esan dute.

«Berriro gerta ez dadin, beste inork guk jasandakoa berriz sufri ez dezan», kalera ateratzeko beharra azpimarratu dute. Deialdia egin dute, hortaz, bihar arratsalderako (17.30), herriko plazatik irtengo den manifestazioan parte hartzeko.