Idoia ERASO
Interview
Iker Elizalde
Hendaiako auzapezorde abertzalea

«Argi gelditu da abertzalerik gabe oso zaila izanen dela lanean aritzea»

Hendaiako herriko bozetarako zerrenda abertzaleko burua izan da Iker Elizalde, herri kontseiluan sei urtez zinegotzi izan eta gero. Hendaia Biltzen-ek lehen itzulian bozen %12,5 lortu, eta bigarren itzulirako sozialistekin elkartu da. Irabazle atera eta gero egindako hitzarmenari esker, Elizalde auzapezordea izanen da eta Hego Lapurdi hirigunean hautetsi postua izanen du.

Hendaiako abertzaleek sozialistekin aliantza egin duzue bigarren itzulian. Zeintzuk izan dira baldintzak?

Kanpainan zehar hainbat lehentasun finkatu genituen baldintza bihurtu zirenak negoziazioetan, eta lortu dugu Kotte Ecenarrok horiek onartzea. Orain ahalmena izanen dugu, sostengu sozio-ekonomikorako zentroaren sorreran, eta ikastolaren txostenean buru-belarri ibiliko gara hemendik aitzina. Axuanta postu bat lortu dugu sostengu sozio-ekonomikorako zentroa kudeatzeko, baita delegatu bat ere, eta azpimarratzekoa da ere hirigunean ordezkari bat izanen dugula.

Hendaiako ikastolarena gai korapilatsua da. Zer egiteko asmoa duzue orain boterera ailegatuta?

Epe laburrean ikastolarekin biltzea eta lantalde bat sortzea ikastolak dituen beharrei erantzuteko ahal bezain ongi. Eta Pausun diren arazoei aterabideak atzemateko.

Epe ertain-luzeari begira aukerak baldin badira ikastola berri bat egiteko, eginen denaren ziurtasuna badugu. Iruditzen zaigu alde horretatik ere aliantza hau ona dela eta gu kudeaketa horretan egonik aukera gehiago badela ikastolak behar dituen baliabideak izateko, euskarak transmisiorako behar dituen baliabideak ziurtatzeko, bai eta ikastolaren garapena ziurtatzeko ere. Gaur ikastola bere mugara iritsi da haur kopuruari dagokionez, eta, beraz, nahi baldin badugu ikastolak bere zerbitzu publikoaren misioa betetzea behar-beharrezkoa da ikastolak lokal gehiago izatea, sinpleki haur gehiago jasotzeko.

Hendaian sozialistekin eginiko aliantzaren zerrenda garaile atera da; aldiz, Hego Lapurdiko beste herrietan egin diren aliantzak, ez. Zein ezberdintasun dago Urruña, Ahetze edo Zibururekin?

Ezberdintasunak anitzak dira, baina nabarmenduko nuke herri horiek historikoki eskuineko herriak direla eta zaila dela aliantza baten bidez ere aspaldi boterean diren horiek kentzea. Pentsatzen dut ere Hendaian bagenuela nahikeria bat gehiengo batean sartzea, eta hasieratik argi utzi genuen.

Azpimarratu behar dira ere gure kontra izan diren eraso zuzenak eskuineko eta ezkerreko sektore batzuengandik, eta horrek eragin du beste herri horietan ez lortzea nahiko genituzkeen emaitzak. Abertzaleek herriko etxe gehienetan sartzea aurrerapausoa izan da, hala ere, zeren ez dena ziurra da hemendik sei urtera ez dugula lortuko. Argi gelditu dena da abertzalerik gabe oso zaila izanen dela hemendik aitzina lanean aritzea. Abertzaleak ez dira gehiago bazterrean utziak izanen, argiki nahi dugulako herri hau kudeatu.

Baionan Henry Etcheto sozialistak aliantzarako proposamena egin zien abertzaleei, baina azken hauek ez zuten onartu. Zerk egin du Hendaian posible izan dena Baionan ez izatea?

Hasteko, Alderdi Sozialistak Hendaian zuen zerrendaburuak Ipar Euskal Herriari eta Euskal Herriari begira duen jarrera askoz irekiagoa, zeren eta aliantza batean bi behar dira. Abertzaleak kanpaina guztian zehar erakutsi dugu gure irekitasuna, Baionan salbu, sozialistek ez dutelako horrelako irekitasunik erakutsi eta Angelun ere ez. Ondorioz, bakarrik horien gain da ezkerreko alternatiba batek ez irabaztea herri horietan; beraz, beharko dute gogoetatu. Sylviane Alaux eta Collette Capdevielle gogoeta horren hasiera bat dena egiten entzun ditut. Aski da abertzaleak mespretxatzeaz; hemendik aitzina irekitzen badira guretzat sentsibleak diren aldarrikapenei, gure postura berrikusiko dugu, baina ezin dena da alde batetik gu mespretxatu eta bestetik pentsatu doan beren alde eginen dugula. Ezberdintasuna horretan da. Sektore jakobinoen jarrera izan da oztopo nagusia Baiona edo Angelu bezalako hirietan aliantza gauzatzeko.

Bruno Carrerek Uztaritzen irabazi du. Ipar Euskal Herrian abertzaleek kudeatuko duten hiririk handiena da. Horrek paisaia politikoari eragin eginen al dio?

Uztaritzen aurkeztu den zerrenda irekia zen; abertzaleak nagusiki, baina badira beste izaera politikoetakoak ere. Horrek erakusten du beharbada hemendik aitzina guk ere egin behar dugun hausnarketa. Lortu dugu erakustea ezkertiar abertzaleek ze pisu dugun, baina behar dugu urrats bat gehiago egin, Uztaritzen bezala beste herri zenbaitzuetan aldaketa ekarri.

Ipar Euskal Herriko herriko bozek utzi dituzten emaitzei begiratuta zein ondorio aterako zenituzke?

Batetik, Hendaian izan ezik kasik toki guztietan eskuinak eta eskuin zentroak irabazi du. Abertzaleek gora egin dugu, mila biztanletik gorako kasik herri guztietan ordezkaritzak lortuko ditugu; hirigune eta herri elkargo gehienetan presente izanen gara. Oro har emaitza horien ondorioa izanen da bultzada bat Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalarentzat, bake prozesuarentzat eta Euskal Herriaren eraikuntzarentzat. Izan ere, gure asmoa da Udalbiltza indartzea, baina ez soilik guk, entseatzea ere Euskal Herriko hautetsi eta herriko etxe guztien instituzioa izatea.