‘Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura’ azalpen bideoa
Arrakastatsua izan zen oso pasa den urte amaieran Errigorak Nafarroa hegoaldeko uzta Euskal Herri guztian saltzeko antolatu zuen saski eskaintzak. Nafar erriberako euskalgintza bultzatu asmo zuen ekimen hark eta emaitza ikusirik udaberrian bigarren kolpe bat abiatu dute.
Oraingoan komunitatea sortu asmo dute; eskariak, eta ondorioz eskaintza, zehaztuz eta ekoizleen emaitza zuzenean kontsumitzaileari eskainiz. Momentu zehatz bateko ekimena ohitura bihurtu nahi dute, urtean zehar kolpe ezberdinetan urte osorako sorta eskainiz. Apirilean, adibidez, olioa eskainiko dute. Hilaren 15aren aurretik egin behar da eskaria eta hartara ekimena gauzatzen ari den herri guztietara eramango dute segidan. Ekainean gauza bera egingo dute baina zainzuriekin, orburuekin, piperrekin eta potxekin.
Oraingoz 29 herritan dago horretarako aukera (Nafarroan Iruñea, Burlata eta Larraun; Gipuzkoan Donostia, Hernani, Tolosa, Villabona, Andoain, Oiartzun, Orereta, Eibar, Zarautz eta Lasarte; Bizkaian Bilbo, Lekeitio, Natxitua, Gernika, Bermeo, Zornotza, Durango, Getxo, Leioa, Erandio, Elorrio, Lezama, Santurtzi, Aulesti eta Ondarroa; Araban Gasteiz eta Laudio).
Eskaria egiteko fitxak ezarri dituzte herri bakoitzeko hainbat puntutan eta emailez ere eskatu ahal da herri bakoitzeko eposta helbidera idatzita (Oiartzunen eskatu nahi baduzu oiartzun@errigora.net eta Gernikan eskatu nahi baduzu gernika@errigora.net; gainontzeko herrietako helbideak berberak dira, herriaren izena aldatu behar da, soilik).
Kontsumo bide berriak eta prezio lehiakorrak
Ekimenarekin urruneko produktuen ordez bertakoak erosteko ohitura sortu nahi dute bultzatzaileek, eta Nafarroako euskalgintza lagundu bide batez. Horretarako «Errigora komunitatea» sortu nahi dute, aurrez jendeak izena eman eta modu horretan banaketa eta eskaria modu bateratuan egin ahal izateko.
Modu horretan eginda, gainera, prezioak apaltzea ere lortuko dute. Udazkeneko saskian merkatuko prezioa zuten erreferentzia, kasu honetan ekoizleak berak ezarritako jatorrizko prezioa izango dute produktuek. Hartara, adibide gisa 5 litroko olio ontzia jarri dute. Errigoraren arabera 27 € inguru balioko litzuke merkatuan baina 16,5 €-tan eskaini ahalko dute eskaintza berezi honetan.