NAIZ.INFO
DONOSTIA

Martin Garitano ospitaletik atera da, sendagiria jaso ostean

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia atera da Gipuzkoa ospitaletik sendagiria jaso ostean eta etxean da dagoeneko. Eskerrak eman ditu jaso duen elkartasunagatik.

Martin Garitano Larraitz Ugarterekin, ospitalearen aurrean. (@mgaritano)
Martin Garitano Larraitz Ugarterekin, ospitalearen aurrean. (@mgaritano)

Martin Garitanok berak jakinarazi du bere Twitter kontuan sendagiria jaso duela eta etxerantz doala. Argazkia zabaldu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bertan Larraitz Ugarte bozeramailearekin ageri da Donostia ospitalearen aurrean, irribarretsu.

Gipuzkoako Aldundiak ohar bidez adierazi duenez, Garitano etxean da dagoeneko. Medikuek atseden hartzea gomendatu diote eta bajan jarraituko du. Ahaldun nagusiak sinkope bat izan zuela adierazi dute sendagileek.

Garitanok egunotan jasotako elkartasun mezuak eskertu ditu, baita herritarrek zein komunikabideek larunbatean erakutsitako begirunea ere. Berehala erabat osatzea eta lanean hastea espero duela gaineratu du ahaldun nagusiak.

Bi egun egin ditu Garitanok Donostia Ospitalean. Gipuzkoako Foru Aldundiak ikurrinaren omenezko ekitaldia hasi baino lehen ondoezik sentitu ostean ospitalean ingresatu zuten eta mediku azterketak egin ondoren, sendagiria jaso du.