NAIZ.INFO
GALDAKAO

Desanexioari buruzko erreferenduma antolatu dute Usansolon azaroaren 23rako

Usansolo Herria plataformak erreferenduma iragarri du azaroaren 23rako. Galdakaoko auzo izateari utzi eta Bizkaiko 113. udalerria bilakatu nahi duten ala ez galdetuko zaie bizilagunei.

Usansolo Herria plataformako kideak, gaurko agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Usansolo Herria plataformako kideak, gaurko agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Usansolo Herria plataformak agerraldia egin du, heldu den azaroaren 23rako antolatu duen erreferendumaren berri emateko. Egun Galdakaoko auzoa dena Bizkaiko 113. udalerria bilakatzeko prozesua duela 20 urte baino gehiago hasi zen eta helburu horrekin ari da lanean plataforma hau.

Bizkaiko Foru Aldundiak dituen betebeharrak «gauzatzen ez dituenez», beharrezko jo dute «Usansolok pausu bat aurrera egitea». 2011ko udal eta foru hauteskundeetan herritarren %60k desanexioari baiezkoa eman zion arren, EAJk «ez duela ulertu gura izan» salatu dute.

Gogoratu dutenez, hauteskunde horien ondoren Aldundiari kudeaketa batzordea eratzeko eskatu zioten, desanexio prozesua berrabiarazteko, baina «ez zuen erantzun ere egin» eta horregatik helegitea jarri zuten epaitegietan. Oraindik ez dago ebazpenik.

Horren ondotik, EAJk «lurralde mugen foru arau berria asmatu behar izan zuen» plataformaren arabera, «jakinik egoera horretan dagoen eta eskabide hori zuen bakarra Usansolo zela».

Araua 2012an onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek baina plataformaren ustez ez da legezkoa eta horregatik Auzitegi Goren espainolera jo zuten. Eskaera onartuta dago eta auzia aztertuko du Gorenak.

Plataformako kideek «nekatuta eta nazkatuta» daudela diote, eta horregatik «herriak bere esku hartuko du euren ardura hori». Hala, azaroaren 23rako erreferenduma antolatu dute, «argi eta garbi uzteko Usansolok zer gura duen eta Foru Aldundiari adierazteko dena entzun eta gure erabakia errespeta dezan eskatzeko».

Galdeketa horrekin zera nahi dute: «argi gelditu eta entzun dadila, hemen zein Madrilen, zein den usansolotarren iritzia, nahia, beharra eta erabakia». Adminstrazioari erreferendumaren erabakia errespeta dezala eskatu diote.