NAIZ.INFO
DONOSTIA

Giza kate erraldoia burutu dute Donostiako kaleetan

Gure Esku dinamikaren baitan jende andanak parte hartu du Donostian burutu duten giza katean. Beste hainbat herritan ere ekimen jendetsuak ari dira egiten asteburuan zehar.

Jende andanak parte hartu du giza katean. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Jende andanak parte hartu du giza katean. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza kateari begira ekimen andana antolatu dituzte asteburu osoan zehar. Gaur eguerdian Donostian esaterako, giza kate erraldoi bat burutu dute Antiguatik, Bilbao Plazatik eta Saguesetik zutabe bana abiatu da 12.30ean elkarri eskutik helduta eta ordu erdi beranduago Bulebarrean eman diote amaiera ekimenari denak batera.

Donostiakoaz gain jendetza batu da Errenterian eguerdian ‘Dantza zati bat’ ekimenean, ehunka herritar dantzan jarri dituzte erabakitzeko eskubidearen alde. Mungian ere ekimen bera antolatu dute larunbat honetarako.

Esangura politiko handiko argazkia Azpeitian atera dute gaur azken hamarkadetan Udalean hautetsi izan direnek. Luxiano Lazkano, Jose Maria Bastida, Julian Eizmendi eta Iñaki Errazkin alkate ohiak eta Eneko Etxeberria egungo alkatea elkarrekin izan dira dinamikaren prentsa agerraldian.

Asteburu osoan dozenaka ekimen izango da batean eta bestean eta tartean dinamikaren bideoklip nagusian oinarritutako bertsio berriak ere ari dira aurkezten. Azkena, bart, Erandion aurkeztu dute: