Naiz.info

Euskal Herriko bederatzien artean, lau berri

Bederatzi dira datorren Europako Parlamentuan izango diren euskal herritarrak, duela bost urte hautatutakoak baino bi gehiago. Horietatik, lau dira emakumeak. Eta beste horrenbeste Estrasburgoko eserlekuetan estreinako aldiz eseriko direnak.

 

[ Josu JUARISTI ]
Koalizioa: EH Bildu. > Adina: 50 urte. > Jaioterria: Azkoitia.

Kazetaria da. EiTBn egin zituen aurreneko urratsak, kultura alorrean, eta Egin-en jardun zuen ondoren, batik bat nazioarteko gaiak jorratzen. Azken hamabost urteak GARAn egin ditu, Mundua saileko arduradun gisa lehenik; ondoren egunkariaren zuzendari zazpi urtez, eta Zazpika astekariko editore azkenengoz. Europako gaietan aditua izanik, pasio handiz jarraitu du Europar Batasunaren ibilbidea eta hainbat goi-bilera, seminario, hitzaldi, eta Estrasburgoko Parlamentuko saiotan berriemaile izan da.


[ Ramon JAUREGUI ]

Alderdia: PSOE. > Adina: 65 urte. > Jaioterria: Donostia.

Ingeniaritzan eta Zuzenbidean lizentziaduna, duela bost urte hautatu zuten lehen aldiz Europako Parlamenturako bere betiko alderdia, PSOE, ordezkatuz. Urte eta erdira Estrasburgoko eserlekua utzi, eta Gobernu espainoleko Presidentetzako ministro izendatu zuten. 2011ko abendutik, Madrilgo Kongresuan diputatua da. Ibilbide politiko luzea du eta Euskal Herrian aski ezaguna da, batik bat 1982tik 1987ra, GALen garaian, Gobernu espainolaren ordezkaria izan zelako EAEn. Nahiz eta 1980an UGTko idazkari nagusi hautatu zuten, politikagintzan aritu izan da nagusiki, «trantsizio espainola» delakoaren garaietatik ardura handiko postuak betez. 1988-97 tartean PSEko idazkari nagusi izan zen, 1987tik 1991ra Lakuako Gobernuko lehendakariorde, 1995etik 97ra Lakuako Justizia sailburu, parlamentari Gasteizen urte luzez...


[ Michelle ALLIOT-MARIE ]
Alderdia: UMP. > Adina: 67. > Jaioterria: Villeneuve-le-Roi (Estatu frantsesa).

Abokatua lanbidez, 1946an jaio zen Villeneuve-le-Roin (Val-de- Marne departamendua), baina Euskal Herrian ditu erroak bere ibilbide politikoak. Biarritzeko alkate izandako Bernard Marieren alaba da. Bizileku duen Ziburuko zinegotzi izan zen 1983tik 1988ra, eta Biarritzekoa 1989-92 tartean. 1995ean Donibane Lohizuneko Alkatetzara heldu zen; karguan izan zen 2002 arte. Gero, Parisera jauzi egin eta Gobernu frantsesean segitu zuen jardun politikoa, eskuinaren zerrendetan beti. Defentsa, Justizia, Barne eta Atzerri ministro izan zen. Nanterreko epaitegia aita eta biak ikertzen ari da, ustezko diru funtsen desbideratzeagatik.


[ Izaskun BILBAO ]
Alderdia: EAJ. > Adina: 53 urte. > Jaioterria: Bermeo.

1961eko martxoan sortua eta Zuzenbidean lizentziaduna, bigarren legealdia du Estrasburgon: azken bost urteak han egin ditu. Parlamentuko lanetan aditua da, lau legealditan (lehenengoz, 1998an) Gasteizko Ganberan jeltzaleen besaulkietan eseri baita. Gainera, 2005-09 tartean, Legebiltzarreko presidente izan zen. Zinegotzi ere izan da bere herrian, eta Lakuako hainbat gobernutan izan ditu ardurak: besteren artean, Kultura eta Herrizaingo sailetako zerbitzu zuzendari izan zen. 2009ko hauteskunde autonomikoetan, EAJren Bizkaiko zerrendaburu izan zen.


[ Maite PAGAZAURTUNDUA ]
Alderdia: UPyD. > Adina: 49 urte. > Jaioterria: Hernani.

Euskal Filologian eta Filologia Hispanikoan lizentziaduna da hernaniarra, eta Administrazio publikoko langilea. 1965ean jaioa, Gasteizko Parlamentuan legebiltzarkide izan zen 1993 eta 1998 urteen artean, PSErekin, eta Urnietako zinegotzi 1999tik 2007ra, alderdi beraren eskutik. Lakuako Hezkuntza Sailaren barruan, Fernando Buesarekin, Hizkuntza Politikarako aholkulari izan zen. Basta Ya plataformaren sorreran parte hartu zuen 1998an, eta 2005 eta 2012 artean Terrorismoaren Biktimen Fundazioko lehendakari kargua bete zuen. Joseba anaia ETAk hil zuen, 2003an.


[ Pablo ZALBA ]
Alderdia: PP. > Adina: 39 urte. > Jaioterria: Corella.

1975eko urtarrilean jaioa, ekonomialari eta enpresaria da Zalba. Bigarren legealdia izango du Estrasburgoko Legebiltzarrean. 2009ko zerrenda haietan PPk sartzea erabaki zuen arte, erabat ezezaguna zen. Alabaina, azken bost urteotako bere ibilbideak sona handi samarra izan du, batik bat 2011n publiko egindako gertaera ilun bat dela-eta. Urte hartan, The Sunday Times-ek argitaratutakoaren arabera, lobby faltsu batek eskatuta direktiba komunitario bat aldatzeari baiezkoa eman zion, urtean 100.000 euro jasotzearen truke. Elkarrizketa hura ezkutuko kamerarekin grabatu zuten, eta bideoak zabalkunde handia izan zuen. Testua azkenean aldatu egin zen, Zalbak eta ustezko lobby-ak adostutakoaren ildoan bertan, baina europarlamentariak esan zuen direktiba hobetzearren egin zuela eta ez zuela sosik poltsikoratu.


[ Alain LAMASSOURE ]
Alderdia: UMP. > Adina: 70 urte. > Jaioterria: Paue (Estatu frantsesa).

Pauen jaioagatik ibilbide politiko guztia Euskal Herrian egin duen Alain Lamassoure bosgarrenez hautatu dute europarlamentari, oraingoan Parisko barrutian. Europar Batasunaren defendatzaile sutsua da, eta Konstituzio Ituna idazteko lanetan parte hartu zuen. Angelun zinegotzi izan zen, Baiona-Angelu-Biarritz Hiri Elkargoan ardurak izan zituen eta Asanblea Nazionalean ere behin baino gehiagotan izan da diputatu. Estatu idazkari izatera iritsi zen Edouard Balladur eta Alain Jupperen gobernuetan.


[ Eider GARDIAZABAL ]
Alderdia: PSOE. > Adina: 38 urte. > Jaioterria: Bilbo.

1975eko uztailean sortutako bilbotar honek ere badu Estrasburgoko Parlamentuaren ezagutzarik, 2009. urteko bozetan hautatu baitzuten. Aurretik apenas zen ezaguna politikagintzan, nahiz eta Bizkaiko hiriburuan zinegotzi izan zen (auzo eta hirigintzako sailetan jardun zuen) eta 1999tik 2002ra Bilboko Gazte Sozialisten idazkari nagusi. Ekonomian lizentziaduna, Ramon Rubial PSOEko buruzagi historiko zenduaren biloba da. Pablo Zalbarentzat bezala, 2011 ez zen urte erraza izan Gardiazabalentzat ere: News of the World egunkariak bilbotarraren eta beste hainbat europarlamentariren aurkako salaketa egin zuen, merezi gabeko dietak kobratzen zituztela-eta. Zehazki, ostiral goizean Legebiltzarrean fitxatu, egunari zegozkion 304 euroak kobratu eta, segidan, Bruselako aireportura hanka egitea egotzi zien. «Ez da lapurreta, guztiz legezkoa da», argudiatu zuen orduan Gardiazabalek.


[ Fernando MAURA ]
Alderdia: UPyD. > Adina: 59 urte. > Jaioterria: Bilbo.

Abokatu ekonomista. 1955ean jaioa, aseguruen alorrean familiaren enpresan lan egin zuen politikagintzan sartu aurretik. Lehenik, Bilboko Udaleko zinegotzi izan zen 1983 eta 1987 urteen artean, eta gerora PPko idazkari nagusi Euskal Autonomia Erkidegoan, alderdi bereko Getxoko taldeko lehendakari eta parlamentari Gasteizen (1990 eta 2007 artean). Urte hartan dimititu eta UPyDrekin bat egin zuen. Idazlea ere bada, eta Alfonso XIII.aren erregetzan presidente izandako Antonio Mauraren birbiloba.