@GARA_miantzi
Donostia

Epaiak «dena ETA da» tesia iraultzen duela diote abokatuek

Auzitegi Nazionalean epaitu eta absolbitutako 40 gazteen abokatuen izenean, Kepa Manzisidorrek eta Jaione Karrerak epaiaren balorazio «oso ona» egin dute, alde batetik, gazteak kartzelara joateko arriskua ekiditen duelako eta bestetik, «ezin dela edozein ekintza politiko terroristatzat jo finkatzen duelako», «dena ETA da» tesia irauliz.

Kepa Manzisidor eta Jaione Karrera abokatuen balorazio prentsaurrekoa. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Kepa Manzisidor eta Jaione Karrera abokatuen balorazio prentsaurrekoa. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Oroitu dutenez, orain arte, kasu gutxi batzuetan salbu (Udalbiltzaren eta ‘Egunkaria’ren kasuetan, adibidez), nahiago izan du Auzitegi Nazionalak «dena ETA da» teoria handitzen joan eta zigor gogorrak ezartzea. Sententzia honek, ordea, garbi utzi du beharrezkoa dela ekintza bortitzak egon direla frogatzea eta auzi honetan ez dela halakorik egon. Are gehiago, epaileek diote argi gelditu dela «gazteen ekinbide publiko eta baketsuaren aurrean bortizkeria erabili zuten bakarrak beraiek atxilotu zituzten polizia nazional eta guardia zibilak izan zirela».

Beraz, bi oinarrizko ideia atera dituzte neska-mutilen abokatuek sententziatik: lehenengoa, epaileek diote ezin dela inoiz bere zilegitasunaren inguruko zalantzak agertzen dituen froga bat onartu, eta, bereziki, inkomunikazio aldian atxilotuekin zuzenean burututakoetan arreta jartzen dute. Inkomunikazioaren inguruko hausnarketa juridiko sakona egiten du sententzia honek. Bigarren ideia nagusia gazteen jardun politikoa oinarrizko eskubideek babesten dutela aitortzea da, salbuespen batekin: bortizkeriarekin harremanik izan duela edo antolakunde armatu batekin erlazioa duela frogatzea. Hala ez bada, ez du zertan eragin behar oinarri sozial bera edukitzeak, antzeko ikonografia erabiltzeak edota aldarrikapen eta helburu politiko berdinak izateak.

Lehenengo ideiarekin lotuta, Manzisidorrek eta Karrerak nabarmendu dute epaileen gehiengoak nahiago izan duela inkomunikazioaren zulo beltzean argia sartzen utzi eta bere gabeziak idatziz agertu. «Eta behin gabezia horietaz jositako frogak baztertuta, erruduntasuna frogatu zezaketen frogak umezurtz gelditu dira eta ezin izan dituzte hasiera batetik hipotesi polizial hutsak zirenak frogatu». Gutxitan bezala, Auzitegi Nazionalean lan egiten duten abokatuek salatu izan dituzten gabezia ugari jaso ditu sententziak. Ildo honetatik, azpimarratu dute epaimahaiak frogak zuzenean aztertu dituela eta ez poliziak froga horien inguruan baieztatzen duenetik abiatuta, orain arte ohituta zeuden moduan. Bestalde, akusazio printzipioa zorrotz bermatu du, eta oinarri gisa momentu oro mantendu du akusazioa dela frogatu behar duena norbaitek delitu bat egin duela. Hau oinarrizko-oinarrizko gauza da prozedura penal batean, baina kasu asko eta askotan ez da hala bermatu.

Zentzu berean, azaldu dute epaimahaia oso kritikoa dela akusazioen jardunarekin, behin baino gehiagotan leporatu izan die arinkeriaz jokatu dutela eta ez dutela behar bezainbeste ahalegin egin mantentzen ari ziren akusazioak frogatzeko. Azkenik, tratu txarretatik eta torturetatik eratorritako froga oro baztertzen du epaimahaiak eta gazteen tortura testigantzen inguruan azterketa sakona egin du. Egoera horretan egindako deklarazio guztiak bortxatuak izan zirela ondorioztatu du. Honek berebiziko garrantzia du abokatuentzat, batetik beti baliogabeak izan beharko liratekeen froga hauek akusaziotik, prozeduraren baloraziotik kanpo uzten dituelako, eta bestetik, horrelako praktika agerian utzita orain arteko inpunitatearekin amaitzeko urratsa delako, baita tortura jasan dutenentzat errekonozimendua adierazten duelako ere, neurri batean behintzat.

Abokatuak epaiaren balorazioa egiten ari zirela, kazetari batek jakinarazi du Fiskaltzak ez duela helegiterik jarriko eta Manzisidorrek eta Karrerak pozez hartu dute berria. Baieztatu dute sententziak argi eta sakonki aztertzen dituela froga guztiak eta ez dagoela helegiterako tarterik.