Paueko Auzitegiko herri epaimahaiak errugabetzat jo du Nicolas Bonnemaison medikua eta absolbitu egin du. Hiltzeko borondaterik ez zela izan eta erabaki medikala izan zela deliberatu du. Epaiaren berri ematerakoan, txaloak entzun dira aretoan.
Mediku hazpandar ohiari zazpi pazienteei eutanasia aktiboa aplikatzea egozten zitzaion Baionako ospitaleko epe laburreko ospitalizazio zerbitzua zuzentzen zuen garaian. Iazko urtarrilean Medikuen Elkargotik kanporatu zuten.
Ebazpena ezagutu eta gutxira atera da epaitegitik mediku hazpandarra, txalo artean eta kazetarien kamera eta mikroen artean galdua. Defentsako abokatuek esan dute erabaki honek «gauzak aldatzea» espero dutela.
Fiskalak bost urteko espetxe zigorra eskatzen zuen medikuarentzat, baina ez luke presondegira joan beharko, baldintzapean aske egongo litzatekeelako.
Defentsak, berriz, hobengabe dela esan du eta ezin dela zigortu, argumentu juridikorik ez dagoelako.
Parte zibil gisa aurkeztu den familiak ez du Bonnemaisonen aurkako zigorrik eskatu.
Nicolas Bonnemaisonen azken hitzartzearekin bukatutzat eman dute mediku hazpandarraren aurkako epaiketa Pauen. Hildakoak eta haien familiak izan ditu gogoan, epaiketaren lehen egunean egin zuen bezala, eta eskerrak eman dizkie bere familiari, sostengua adierazi diotenei, erizainen eta bere emazteari.