NAIZ
GASTEIZ

Israelekin dituen harreman instituzionalak eteteko eskatu dio EH Bilduk Lakuari

EH Bilduk eskaera egin dio Lakuako Gobernuari, Israelgo Estatuarekin duen harreman instituzionala bertan behera utz dezan. «Israelek boikot nabarmen eta tinkoa merezi du», adierazi du koalizio abertzaleak.

Igor Lopez de Muniain EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Igor Lopez de Muniain EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Igor Lopez de Muniain EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, «Jaurlaritzak berehala eten beharko lituzke estatu sionistarekin dituen harremanak eta nazioartekotze estrategiatik ezabatu beharko luke».

Izan ere, enpresen nazioartekotzea bultzatzeko 2014-2016 plan horretan, Israel EAEren «bazkide lehenetsi» bezala agertzen zen eta haiengandik «ikasteko» lurraldeen artean kokatzen zen.

«Israelek boikot nabarmen eta tinkoa merezi du, baita ere nazioarteko lurralde ezberdinekin dituen harreman instituzionalen arloan. Jaurlaritzaren esku dago nazioarteko erakundeok egin behar dugun presio kanpainarekin bat egitea, estatu honek Palestinarekiko duen jarrera totalitario eta bortitza bertan behera uzteko», azaldu du legebiltzarkide abertzaleak.

Ildo horretan, Lopez de Muniainek galdera egingo dio Lakuari, Gobernuak Israelekin duen harreman zehatzaren inguruko informazioa eman dezan.

Era berean, gogoratu du Gasteizko Legebiltzarra Israelera egitekoa den bidaia instituzional batean parte hartzekoa dela, eta ez joateko eskaera berretsi du.