Naiz
Donostia

Denzel Washingtonek Donostia Saria jasoko du

Donostiako Zinemaldiak eman du bere Donostia Saria jasoko duen aktoreetako baten izena. Aurtengoan saridunen artean Denzel Washington estatubatuarra izango da eta bere ibilbidearen aintzatespen gisa jasoko du Donostia Saria. Jaialdia ere inauguratuko du ‘The Equalizer’ filmarekin.

Denzel Washington. (WIKIPEDIA)
Denzel Washington. (WIKIPEDIA)

Antoine Fuqua zuzendari eta Denzel Washington protagonista dituen ‘The Equalizer’ filmak emango dio hasiera, lehiaketaz kanpo, aurtengo Donostiako Zinemaldiari, datorren irailaren 19an. Aktorea eta zuzendaria Donostian izango dira filma aurkezten.

Zinemaldiak jakitera eman duenez, gainera, Washingtonek inaugurazio ekitaldian Donostia Saria jasoko du bere ibilbidearen aintzatespen gisa.

Denzel Washington AEBetako aktore garrantzitsuenetakoa da eta bere ibilbide osoan hamaika lanetan parte hartu du. Esanguratsuenen artean dira ‘Malcolm X’, ‘Philadelphia’, ‘Hurricane’, ‘Glory’ eta ‘Training Day’.

Bi Oscar sari eta hiru Urrezko Globo lortu ditu aktoreak bere ibilbide profesionalean.