LABek elkartasuna adierazi die sindikatuko idazkari nagusi izan zen Rafa Diezi eta harekin batera ‘Bateragune’ auzian zigortu zituzten Arnaldo Otegi,Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletari.
Auzitegi Konstituzionalaren epaia «oso larria, izugarrikeria» dela salatu du ohar batean, «gatazka politikoa gainditzeko» bost militante independentistek egin zuten ekarpena aintzat hartuta.
Estatu espainolak «aintzinako formulekin erantzuten» jarraitzen du LABen iritziz. «Gatazkaren konponbide demokratikorako aurrera urratsak eta ekarpenak egiten beharko lukeenean, kurpilari galga jartzea beste erantzunik ez du», nabarmendu du. «Itsu, gogogor baina ez mutu, PPk bere gurpil zoroan bueltaka jarraitzen du», erantsi du.
Sindikatu abertzalearen arabera, Madrilgo Gobernuak «entzungor egiten badu ere», euskal gizartearen gehiengoak eta euskal eragile politiko nahiz sindikalek ‘Bateragune’ auzian «ozen» erakutsi dute bere nahia: «auzipetu guztiak libre, kalean» izatea.
«Ez dugu hori ez den beste sententziarik onartzen. Errepresio estrategiak gainditzeko garaia da», amaitu du.