Ohar bidez helarazi du Ikastolen Elkarteak Kaskarotenia Ziburuko ikastolaren auziari buruzko gogoeta. Egoitza uzteko emandako epaiak «asalduraz, harriduraz, saminez eta amorruz utzi gaitu ikastolakide guztiok», dio oharrak.
«Kaskarotenia ikastola txiki bat da, hasi berria, baina Ziburun geratzeko eta garatzeko jaioa», esaten du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak sinatzen duen adierazpenak.
Hortaz, ikastolako haur, guraso eta irakasleei Euskal Herriko ikastolekid guztien «elkartasuna, babesa eta laguntza» adierazi die Ikastolen Elkarteak. «Ikastolak Ziburun jarrai dezak egiten ari diren ahalegin horretan algoban, eskuz-esku, edukiko gaituzue».
Dei zuzena egin dio, gainera, herriko auzapen Guy Poulouri eta «elkarrizketari heltzeko» eskatu dio. «Kaskarotenia ikastolako guraso eta irakasleek eta Seaskako ordezkariek elkarrekin auzi honi irtenbidea emateko egindako deiari baikorki erantzuteko» galdegin dio.
Horrez gain, Euskal Herriko erakunde, alderdi eta gizarte eragileei ere luzatu die deia auzi hori konpontzeko euren esku dagoen egin dezaten.
Halaber, euskal gizarteari beren alea jartzeko eskatu dio, Kaskarotenia ikastolak abiatu duen sinadura bilketan izena ematetik hasita.