naiz
ziburu

Seaskak hiru proposamen aurkeztu ditu Ziburuko Herriko Etxean

Ziburuko ikastolak eta Seaskak bilkura izan dute gaur Ziburuko Herriko Etxeko ordezkariekin. Bertan, hiru proposamen aurkeztu dituzte Kaskarotenearen egoerari irtenbidea emate aldera. Guy Poulou auzapezak hartuko duen erabakiaren zain dira orain.

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria eta Laida Mujika Kaskarotenea ikastolako presidentea. (Aurore LUCAS)
Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria eta Laida Mujika Kaskarotenea ikastolako presidentea. (Aurore LUCAS)

Ziburuko ikastola eta Seaska hiru proposamenekin joan dira Ziburuko Herriko Etxearekin gaur hitzartua zuten bilkurara. Bereziki hirugarrena da interesgarria, berria delako eta beste erakundeek onartu dutelako. Orain, beraz, Guy Poulouk gidatzen duen erakundeak emango duen erantzunaren zain gelditu dira.

Proposamen horrek Kontseilu Orokorraren lurretan kokatuko luke Kaskarotenea ikastola, eta departamendu erakundeak baimena eman du horretarako. Baina erabili ahal izateko Ziburuko eta Donibane Lohizuneko herriko etxeen oniritzia ere beharko luke. Azken honek baiezkoa eman du, beraz Guy Poulouren taldearen esku da azken erabakia.

Erantzuna heldu den egunetan edo asteetan izanen dutela adierazi du Laida Mujika ikastolako presidenteak.

Seaskak konponbide hau gauzatzekotan ere behin behinekoa litzatekeela eta derrigorrez urriaren 15era arte egungo egoitzan gelditu beharko liratekeela azpimarratu du. Hori dela eta, laguntza oraindik beharrezkoa dela azpimarratu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

Lehenagotik aipatuak izan diren bi proposamen ere badira, baina ezezkoa jaso dute. Batetik, Jules Ferry eskola bera erabiltzea proposatu da, haurrek Marinelako egoitzara joan bitartean. Beste irtenbidea Ithurri Baita gunea egokitzea da, bertan aurrefabrikatu batzuk ezarri ahal izateko.