Gasteizko Legebiltzarrean egin dute agerraldia Eleak mugimenduak eta irailaren 24ean epaiketa berri bati aurre egin beharko dioten hainbat auzipetuk. Iazko maiatzaren 15ean, Ondarroan, Urtza Alkortaren atxiloketa ekiditeko harresi herritarrean parte hartu zuten auzipetuek, Poliziaren aurkako atentatua egozten diete. Erlantz Alkorta, Urtzaren neba, da auzipetuetako bat eta berak eman du akusazioen berri: bina urteko espetxe zigorra lauentzat eta ordena publikoaren aurkako falta bosgarren bati; 8.850 euroko isuna, gainera. Ukatu egin du Poliziaren aurkako erasorik izan zenik Ondarroan eta egun hartako irudiak jarri ditu froga gisa. Donostiako Aske Gunean parte hartzeagatik ere epaiketa gehiago izango direla iragarri du.
Irailaren 24ean izango dute epaiketa bostek (9.30) Bilbon eta elgarretaratzea deitu du bertan Eleak mugimenduak. Aurrez, igande honetan bertan, agerraldi jendetsua egingo dute Ondarroan. Mugimenduaren bozeramaileak, Txerra Bolinagak, Eusko Alderdi Jeltzalearen jarrera salatu du Gasteizko agerraldian, jeltzaleek «lege injustuen aurrean obediente eta esaneko» nahi dituztelako.
Bolinagaren ustez ez datoz bat EAJren hitzak eta ekintzak. Azaldu du militantzia politikoari loturiko espetxeratze aginduak arbuiatu dituela hitzez, adieraziz «injustu baina bete beharrekoak» direla agindu horiek. Praktikan, ordea, «disidentzia eskubidearen aurkako eta salbuespen politiken aldeko ekimen errepresiboak» egitea egotzi dio Sabin Etxeari eta Ertzaintzari, herri harresien hustutze lanetan erabilitako bortizkeria aipatuz.
Lo zakuekin Loiolara
Epaiketa berri bati aurre egin beharko diote, gainera, beste 28 gazte independentistek astelehenetik aurrera. Goizean, Ahotsa.info agerkariak sarean hedatu du Loiolarako gazte auzipetuek egin duten deialdiaren berrespena. Ekaitz Samaniegoren atxiloketa, Oreretako gazteen kasua, Donostiako Aske Gunearena, Ondarroako zubi harresiarena, Iruñeko Luis Goñiren atxiloketa, Fer Sota tafallarrarena eta berriki absolbitu dituzten 40 gazte independentisten dinamika aipatu ostean, «...eta orain Loiolara» esanez hedatu dute. Gutxira, Aske Gunearen Twitter kontutik lo zakuak eramateko deia zabaldu dute.