@iontelleria

Loiolako bostek epaiketekin amaitzeko herri harresia indartzera deitu dituzte herritarrak

Xabier Arina, Igarki Robles, Jazint Ramirez, Imanol Salinas eta Irati Tobar dira Madrilera joan beharrean 28 auzipetuek abiatu duten desobedientzia dinamikan Loiolan geratzea erabaki duten gazteak. Aske Gunea indartzeko deia egin diete herritarrei, antzeko epaiketarik gehiago izan ez dadin.

«28 auzipetu, 28 desobeditzeko era» iragarrri zituzten igandean 28 auzipetuek elkarrekin eta gaur horietako bost Loiolako Aske Gunean agertu dira, Madrilera joateari uko egin eta Azpeitian dagoen basilikan herri harresi berri bat eraikitzeko deia egin dute.

Gainontzeko auzipetuek Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitegiaren hasiera oztopatu duten bitartean, auzipetu denek elkarrekin abiatu duten dinamika dela azpimarratu dute Xabier Arina, Igarki Robles, Imanol Salinas, Jazint Ramirez eta Irati Tobarrek. Azken bi hauek hartu dute hitza bosten izenean eta atzean zituzten gazteen txalo eta babesarekin.

Euren epaiketa eteterik ez dutela jakitun hitz egin dute, baina Loiolako Aske Gunea indartuta epaiketa berririk izatea ekidin ahalko dutela. Igandean ehunka lagunen babesean esandakoak gogoratu dituzte, konponbide garaia dela eta euren aurkako epaiketa zentzugabekeria dela. Agerraldian zirela jakin dute epaitu asmo dituen epaitegiak bosten atxiloketa agindu duela.

Izpuratik Loiolara

Loiolan geratu direnetako hiru; Salinas, Robles eta Arina, 2010eko urrian atxilotu zituzten, inkomunikatu eta espetxeratu egin zituzten hurrengo egunetan. Operazio hartan atxilotutako ia denek torturak salatu zituzten.

Ramirez eta Tobar ez zituzten atzeman operazio hartan eta ihes egin zuten. Izpura herri baxe nafartarrean erresistentzia ekimena burutu zuten biek eta hautetsi eta ordezkari sozial ugariren babesa izan zuten orduan. Jazint Ramirez donostiarra hurrengo urteko martxoaren 2an atxilotu zuten Arrangoitzen eta Irati Tobar izan zen Izpurako taldetik azkena atxilotu zutena. Hendaian eutsi zion atxioketa aginduari eta Herriko Etxeko talde politiko guztien babesa izan zuen [Bideo elkarrizketa - 2011].

«Denok gara auzipetuak»

Bost auzipetuen agerraldia bertan zirenen txalo artean amaitu da. Ondoren, Eleak mugimenduko ordezkariek Aske Gunearen izaeraren inguruko azalpenak eman dituzte. Kamiseta eta kareta laranjak baliatuko dituzte «denok gara auzipetuak» filosofia indartzeko eta paparrean auzipetuekiko elkartasunez euren izenak jarriko dituzte. Polizia etortzen denean atxiloketa agindua dutenak ez ezagutu ahal izatea dute helburu.

Ertzaintzak aurreko Aske Guneetan izan duen jarrera aipatuz, «probokazioak» izango direla adierazi diete bertan bildu diren gazteei eta horien aurrean lasaitasunez eusten saiatzeko. Desobedientzia aktiboaren filosofiari eutsiko dio Loiolako Aske Guneak ere, auzipetuak babestuz, baina horretarako soilik elkarri besotik helduta gogor eustea izanik jarrera.