NAIZ
DONOSTIA

Mintzapraktika egitasmoak abian dira, ‘Biderkatu euskara’ lelopean

Euskaltzaleen Topaguneak eta Jardun euskaltzaleen elkarteak Mintzapraktika egitasmoen kanpaina abian jarri dute. Hizkuntza gaitasunak areagotu eta inguruko euskal hiztunak ugaritzea posible dela erakustea du helburu.

Mintzapraktika egitasmoen kanpainaren aurkezpena Donostian egin dute. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Mintzapraktika egitasmoen kanpainaren aurkezpena Donostian egin dute. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek, Maitane Arizabaleta Bergarako Jardun elkarteko kideak eta Kristina Kerthoff eta Bego Urzelai Bergarako berbalagunek parte hartu dute MIntzapraktika egitasmoaren kanpainaren aurkezpenean, Donostian. ‘Biderkatu euskara’ leloa hautatu dute oraingoan.

Aurtengo izen-emate kanpainaren helburua hizkuntza gaitasunak areagotu eta inguruko euskal hiztunak ugaritzea posible dela erakustea da. «Euskaraz hobeto eta gehiago aritzeko, eta euskal hiztunak biderkatzeko, ez da magiarik behar, guk daukagu trukoa: aritzea», adierazi du Mendizabalek. Horretarako, mintzalagun taldeen eraginkortasuna nabarmendu du.

Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten pertsonak ohitura dutenekin elkartzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Bospasei lagunek osatutako taldeak dira eta astean behin biltzen dira. Ia Euskal Herri osora hedatu dira.

Aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun baino gehiago elkartu ziren Euskal Herri osoan. Izen emateak gora egin du eta hastear dagoen ikasturtean 6.000 mintzalagun lortzeko bidean daude Mintzapraktika egitasmoak.

Maitane Arizabaletak azaldu duenez, mintzalagunek bi helburu nagusi izaten dituzte: «batetik, beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako jariotasuna lortu eta lotsa galtzen dute; bestetik, inguruko euskaltzaleei euskaraz bizitzen laguntzen diete, euskaren aldeko ekarpena eginez».

Aurkezpenean izan da kanpainan parte hartu duen Asier Kidam magoa eta agerraldiaren bukaeran ikuskizuna eskaini du. Euskara biderkatzeko «trukoa» norberarengan dagoela gogoratu eta mintzalagun egitasmoan parte hartzeko deia egin du.