NAIZ

Aldarrikapena ehundu, adostu eta azkenik bera gauzatzea, Gure Esku Dagoren faseak

Batzar orokorra egin du Gure Esku Dagok Gasteizen eta ikasturte berrirako oinarriak adostu ditu. Estatus politikoaren inguruko erabakitzeko eskubidea izango du ardatz eta hiru fase marraztu ditu bera gauzatzeko bidean: aldarrikapena bera ehuntzea, honen gauzapenerako adostasunak eraikitzea eta bera gauzatzea, azkenik. Azaroaren 8an mosaiko erraldoia egingo dute Donostian eta urteko zita nagusia ekainaren 20ean izango da, herrialdeka burutuko dituzten ekimen jendetsuekin.

Baiezko bozka jaso dute 20 ebazpenetik 19k. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Baiezko bozka jaso dute 20 ebazpenetik 19k. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Herriz herri antolatutako batzordeen ordezkaritza zabala bildu du Gasteizen Gure Esku Dagok batzar nagusian. Ekainaren 8ko giza kate erraldoiaren ostean osatuz joan den orri zuriaren ekarpenak batu eta ikasturte berrirako ardatz nagusiak adostu dituzte batzarrean 175 ordezkari inguruk.

Aurkeztutako 20 ebazpenetatik (atxikita) ia denak onartu ditu batzarrak, bakarra geratu da onartu gabe, bazkide eta laguntzaileen figurak sortzearen ingurukoa.

Onartutakoen artean lehen ebazpenean dinamikaren ardatzak izango direnak zehaztu dituzte. Erabakitzeko eskubideaz mintzo direnean estatus politikoaren inguruko erabakitzeko eskubidea izango dutela ardatz erabaki dute eta hiru fasetan sailkatutako norabideari jarraituko dio herri ekimenak. Iazko bideari jarraituz, aldarrikapena bera herritarren artean ehuntzea izango dute lehentasun, ‘pedagogia’, ‘konplizitate berriak’, ‘aniztasun’... aipatu dituzte ebazpenenean eta erabakitzeko eskubidea «guztion topaleku» dela azpimarratu dute. Hurrengo fasea adostasunaren inguruan kokatu dute eta galderaz, dataz eta moduaz adostasuna lortu beharko dela iragarri dute. Horien ostean letorke erabakiaren beraren gauzatzea.

Gainontzeko ebazpenetan erabakitzeko eskubidea arrazoitzeaz mintzo da Gure Esku Dago, herri kontsultak «tresna baliagarriak» direla diote eta horiek sustatuko dituztela, «betiere horretarako baldintza egokiak sortzeko aurrelan metatzailea eta eraginkorra bermatuz». Barne antolakuntzari dagokionez ere hainbat erabaki hartu dituzte.

Mosaikoa 8an, ekimen nagusia ekainaren 20an

Gaurko batzarrean ikasturte berriari begira data mugarri batzuen berri ere eman dute. Azaroaren 8an izango da lehena, Kataluniako galdeketaren bezperan Donostiako Zurriola hondartzan mosaiko erraldoia egingo dutela iragarri dute. Hala ere, zita nagusia aurten ere ekainaren inguruan izango da, 20ean zehazki. Ez dute zehaztu zein izango den ekimen hori baina herrialdeka izango direla aurreratu dute eta erraldoiak izango direla.


Giza kate jendetsua egin du Gure Esku Dagok Donostian, Zinemaldiaren harira (Jon URBE / ARGAZKI PRESS). ARGAZKI GALERIA