naiz
durango

Ikastolen komunitateak babesa adierazi dio Ziburuko Kaskaroteneari

Agerraldi jendetsua egin dute Durangoko Plateruenean ikastolen komunitatea osatzen duten kideek. Agerraldian, Ziburuko Kaskarotenea ikastolari babes osoa adierazi diote eta azaroaren 8an egingo den manifestaziora joatera deitu dute. «Euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa» dela ohartarazi du Koldo Tellituk.

Ikastolen komunitatearen agerraldi masiboa, Durangon. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Ikastolen komunitatearen agerraldi masiboa, Durangon. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Ikastolen komunitatea Durangon izan da gaur, Plateruenean. Agerraldi masiboa egin dute bertan, ez soilik Ikastolen Elkarteko kideek, baita komunitate osoaren parte direnek ere: zuzendari, ikasle, guraso eta atezkaritza kontseiluetako kideak.

Ikatolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta Seaskako lehendakari Paxkal Indok egin dituzte agerraldian bozeramaile lanak, eta Kaskarotenearen egoera biziki salatu dute. Indoren arabera, «orain ez da soilik ikastola eta Ziburuko auzapezaren arteko liskarra, baizik eta hor kolokan ezartzen da euskararen egoera Iparraldean».

Jasotako sostenguak, bere iritziz, argi erakusten du «gure borroka justua dela eta zilegi ez direla eta duintasun gabekoak direla auzapezaren erasoak».

«Kaskarotenea ikastolari Euskal Herriko ikastola guztien elkartasun eta babes osoa adieraztera etorri gara eta baita erakustera Ziburuko auzapeza ez dela ari Kaskarotenearen aurka soilik. Seaskaren aurka eta ikastola mugimendu guztiaren aurka ere ari da», esan du bere aldetik Tellituk.

Ziburuko ikastolaren egoeraren berri emateaz gain, heldu den azaroaren 8an eginen den manifestaziora joateko deia ere luzatu die «ikastolako komunitateko kide guztiei, eragile guztiei eta herritar guztiei». «Mafiestazio hori ikastola mugimendu osoko manifestazio bat bilakatu da. Euskalzale mundu osoko manifestazio bat», aldarrikatu du Indok.