Bi ordu eta erdiz bildu da gaur Lakuako Gobernua hezkuntza eragileekin, Heziberri 2020 plangintzaren barruan aurreikusitako curriculum dekretuen zirriborroak aztertzeko.
Ikastolen Elkarteak oharra kaleratu du bilkura amaitu ondoren, aurkeztutako edukiak «zehatz aztertuko dituela» adierazi du. «Ikastolen Elkartean hurrengo egunetan sakon aztertuko ditugu gaur aurkeztu dizkiguten zirriborroak; alde batetik, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Eragileei eskatu dizkigun ekarpenak egiteko, eta, bestetik, baloratzeko zirriborroek Marko Pedagogikoaren ildo nagusiak, hots, konpetentzietan oinarritutako Euskal Curriculuma sustatu eta garatzen ote duten eta euskaraz ardaztutako eleaniztasunaren aldeko apustua egiten ote duten, edo LOMCEren baitan onartutako curriculum dekretuei jarraipena egiten dieten ala ez», adierazi du.
Horrez gain, Lakuako Gobernuari eskatu dio hezkuntza komunitateak egingo dituen ekarpenak jarrera «ireki eta eraikitzailean harzeko, guztion artean hezkuntza sistema propioa eraiki dezagun». Era berean, euskal hezkuntza sistema osoa erregulatuko duen legea lantzen hasteko pausoak ematen hasteko ere galdegin dio.
ELA sindikatuak ere igorri du oharra bilkura amaitu ondoren eta kritiko agertu da Gasteizko Exekutiboaren jarrerarekin. Prozedurari dagokionez, «onartezina» deritzo orain arteko lanketa prozesuan sindikatuei parte hartzeko aukerarik eman ez izana.
Horrez gain, bere iritziz, «Hezkuntza Sailak ongi daki Werten hezkuntza erreformak, aurre egin ezean, euskal hezkuntza sistemaren, curriculumaren eta pedagogiaren gaineko erabateko kontrola ezartzen duela, modu berezian, edukiak eta ebaluazioa espainiar Estatuaren esku dauden ‘errebalida’ edo azken azterketa zentralizatuen bidez». «Horregatik –gaineratu du–, ELAri sinesgaitza egiten zaio, kontrol mekanismo hauei aurre nola egingo dien azaldu gabe, are okerrago onartuta, LOMCE izango ez balitz moduan eta hezkuntza konpetenzia guztiak bere osotasunean garatzen arituko balitz moduan hezkuntza curriculum dekretuak azaltzea».
Ildo horretan, eskakizun zuzena luzatu die Iñigo Urkulluri eta Cristina Uriarte sailburuari: «hezkuntza komunitatearen eta euskal jendartearen eskakizunei erantzun diezaietela eta LOMCEri modu eraginkorrenean aurre egiteko eta gure hezkuntza sistema modu alternatiboan garatzeko apustu garbia egin dezatela».