NAIZ
IRUÑEA

Kataluniari babesa adierazi eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute Euskal Herrian

EH Bilduk deituta, mobilizazioak egin dira eguerdian Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, Kataluniako herriari elkartasuna adierazi eta erabakitzeko eskubidearen alde.

Gasteizen Ama Zuriaren plazan egin dute elkarretaratzea. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Gasteizen Ama Zuriaren plazan egin dute elkarretaratzea. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte eguerdian, Kataluniako herriari elkartasuna adierazi eta Euskal Herriak ere erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko. EH Bilduk deituta egin dira mobilizazioak, eta Iruñean Geroa Bai eta ELA, LAB, EHNE, CGT, STEE-EILAS eta ESK sindikatuek bat egin dute.

Nafarroako hiriburuan Udaletxeko plazan egin dute kontzentrazioa. Boto paperak eta gutun-azalak erakutsi dituzte. Julio Sotok eta Mirentxu Purroyk hartu dute hitza eta Estatu espainolaren jarrera salatu dute, katalanen bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea urratzen ari delako. Horren aurrean, «demokraziaren ordua» dela aldarrikatu dute. Bukaeran, Lluis Llachen ‘L'Estaca’ abestu dute, euskaraz eta katalanez.

Donostian, Hasier Arraiz legebiltzarkideak hitza hartu du eta nabarmendu du «gaur Katalunian posible dena bihar Euskal Herrian posible» izan behar duela. Estatu espainolean demokrazia «gatibu» dagoela salatu du, izan ere, «erasoekin» erantzuten baitio Estatuak Kataluniako herriari.

«Espainiar Estatuak ez du demokraziaren argi berderik piztu nahi, ez lehen, ez orain, eta ez dirudi denbora luzean pizteko asmorik duenik ere.
 Aldiz, demokraziaren eta erabakitze eskubidearen aldeko argi berdea aspaldi piztu zen Katalunian eta Euskal Herrian ere bai», esan du.

Arraizen esanetan, gaurko galdeketak erakusten du Katalunia bere bidea egiten ari dela eta «urrats gehiago» egingo dituela etorkizunean. Euskal Herrian ere «gure bide propioarekin asmatzea dagokigu, osagai nagusiak berbera izaki bi herriotan: herria, herri borondatea, guztiaren aurretik eta gainetik; eta alderdion artean lortu beharreko adostasuna».

Ildo horretan, «euskal bideari» heltzeko ordua da EH Bilduren ustez, «urratses urrats agenda demokratikoaren zutoinak eraikitzekoa, itzulezina eta aldebakarrekoa izango den prozesua osatuz».

«Bukatu dira estatuek uzten dituzten eskuduntza apurren zain egoteko garaiak, ez dago zirrikiturik edo burujabetza partekatuen aukerarik, ez gara zabalduko ez diren ateen zain egongo. Gure bidea egitera goaz, herritarren borondate librearen arabera, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan», nabarmendu du.