Aralar alderdiak 2014. urtean «pobrezia, enpleguaren suntsiketa, eta prekarietatea eta giza eskubideen urraketak» nagusitu direla adierazi du urtearen balantzea egiterakoan. Urte «gogorra» izan dela iritzi du, batez ere «langabezian dauden eta pobrezian eta bazterketa egoeran erortzeko arriskuan dauden horientzat».
Zentzu honetan zuzeneko erantzule egin ditu Iñigo Urkullu eta Yolanda Barcina: «Rajoyren eredu sozio ekonomikoa partekatzen dute eta murrizketa sozial eta ekonomikoak praktikara eraman dituzte» adierazi dute Rebeka Uberak, idazkari nagusiak, eta Asun Fernandez de Garaialdek, Hegoaldeko Zuzendartizako kideak Donostian emandako prentsaurrekoan. Era berean gogorarazi dute «PSE eta PSN helduleku gisa» dituztela.
Bestetik, Bakea eta Bizikidetzari dagokionean, ETAk borroka armatua utzi zuela hiru urte joan direnean «espetxe politikak indarrean jarraitzen duela» azpimarratu du Aralarrek, «giza eskubideak urratzen inolako urratsik eman gabe». Hala ere, hutsean pasatako urtea ez dela izan defendatu dute «indarkeria ororen biktimen errekonozimenduan eman diren urratsak» direla-eta.
Era berean erabaki eskubideak 2014 honetan bizitza politkoa markatu duela nabarmendu du. Catalunya eta Eskoziari begira «soilik» iritsi direla berri onak iritzi dute. Era berean, 2015 urtean «lehentasunezko erronka izango dela» adierazi du Aralarrek. Argi utzi dute «demokrazian sakontzeko» hau dela bide bakarra.
Hiru puntu hauek kontuan hartuta, sartuko den urteari begira kultura politikoa aldatzea eta gizarte aktibatzea ezarri ditu helburu moduan Uberak.