NAIZ

Intza Oxandabaratz kartzelara ez bidaltzea galdegin dute 217 hautetsik

Hiru aste barru Parisko dei auzitegian agertu beharra dauka Oxandabaratzek eta Garazi, Baigorri eta Oztibar aldeko hautetsuek mozio bat igorri dute preso ez sartzea eskatuz. Urtarrilaren 17an manifestazioa egingo dute Donibane Garazin.

Agerraldi jendetsua burutu dute Oxandabaratz ez kartzelaratzea eskatuz. (Bob EDME)
Agerraldi jendetsua burutu dute Oxandabaratz ez kartzelaratzea eskatuz. (Bob EDME)

Intza Oxandabaratz 2011ko abenduan atxilotua izan zen Julen Mujika bikotekidearekin. Atzeman zuten unean, haurdun zegoen eta haurra izan baino zenbait aste lehenago aske utzi zuten kontrol judizialpean. Mujikak orain dela aste batzuk bete du espetxe zigorra eta Oxandabaratzek urtarrilaren 21ean Parisko dei auzitegian agertu beharra dauka.

Donibane Garaziko sostengu komiteak eta hogei bat hautetsik agerraldia burutu dute Oxandabaratz kartzelara ez bidaltzeko eskatuz. Azaldu dutenez, 217 hautetsik sinatu dute Frantziako Gobernuari euskal gatazkaren konponbidean «inplikatzea» eskatzen duen mozioa.

Ipar Euskal Herriko alderdi guztietako ordezkariek -UMP, PS, Modem, EELV, Sortu, AB- izenpetu dute eskaera. Horien artean, 28 auzapez. Garaziko kantomanduan hemeretzi auzapezetatik hamaseik sinatu dute eta baita ere Sylviane Alaux eta Jean Lassalle diputatuek, François Maitia Eskualdeko eta Departamenduko kontseilariak, Alice Leiziagerrezahar Eskualdeko kontseilariak eta Beñat Arrabit Garazi Baigorri herri elkargoko presidenteak.

Urtarrilaren 17an manifestazioa egingo dute arratsaldeko 16.00etan Donibane Garazin Oxandabaratzen kontrako jazarpena salatzeko.