Tortura vs sinesgarritasuna
Tortura testigantzaren eta zantzu klinikoen arteko bat etortzea aztertzean datza Istanbuleko Protokoloa. Hemengo eta hango profesionalek metodologia ezin zehatzagoa erabiliz Euskal Herriko 45 tortura salaketaren sinesgarritasuna frogatzea lortu dute. Aldi horietan, bederen, torturatu dela agerian jarriz.
Torturak gutxitan uzten ditu ikusgarriak diren aztarnak. Salaketak, baina, badaude. Baita ikusiezinak diren markak ere. Orban horiek agerian jarriz tortura bera frogatzea da Istanbuleko Protokoloaren egitekoa. Barne minak torturaren beraren frogagiri bilakatzea, alegia. Torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo iraingarrien ikerkuntza eta dokumentazio eraginkorrerako eskuliburua da Istanbulgo Protokoloa. 1999. urtean osatu zen, osasunean eta giza eskubideetan entzute handia zuten 75 adituren eta torturaren aurka aritzen diren 40 erakunderen babesarekin. Ordutik hona Nazio Batuen Erakundearen babes eta bultzada jaso du Istanbuleko Protokoloak, erreferentziazko nazioarteko estandar gisa onartzera iritsiz.
Eskuliburu honek ezartzen duen metodo zientifikoak Euskal Herriko buruko osasuneko eta auzitegi medikuntzako hainbat profesionalen arreta piztu zuen orain dela lau bat urte. Zehazki, Giza Eskubideen Aldeko Argituz Elkartea izan zen hamaika psikologo, psikiatra eta medikuren atea jo zuena. Tartean Olatz Barrenetxea eta Iñaki Markezena. «Hasiera batean dozena erdi profesional elkartu ginen eta txosten xume bat egitea zen asmoa; gauza batek bestera eraman du, eta, azkenean, 35 profesional ia lau urtez aritu gara lanean», azaldu du Markezek.
Tortura testigantza torturaren beraren froga moduan onartzea izan da profesional hauen buruhauste nagusia. Tortura existitzen zela esan eta hura ukatzen zutenen arteko dikotomia izan da orain arte nagusi Euskal Herrian eta Estatu espainolean. «Batzuek baietz eta besteek ezetz zioten. Mundu aldrebesa dirudi gainera; haiek dituzte neurri guztiak baina torturatzen ez dutela frogatu beharrean, gu gara torturatzen dela frogatu behar dutenak», kexu da Barrenetxea.
Torturaren inguruko txostenak beti egin izan direla nabarmendu nahi izan du psikologo bizkaitarrak, baina azterketa kliniko horiek sinesgarritasuna eskuratzeko beharrezkoa zen funts nahikorik ez zutela onartu du. «Beti frogen handicap-a genuen, testigantzan egiatik zenbat dagoen eta asmatutakoa zenbat den frogatu ezina. Dinamika horretan katramilatuta egon gara», dio.
Istanbuleko Protokoloarekin, baina, dinamika horrekin hausteko aukera ikusi eta nazioarteko estandar zientifiko horietan sakontzeko erabakia hartu zuten. Lehen aldia izan da Istanbuleko Protokoloa Estatu espainolean erabiltzen dela, eta, ikuspuntu akademikotik independentzia bermatzeko, Euskal Herriko, Estatu espainoleko eta atzerriko 35 profesionalen eta hamaika erakunderen lanarekin egin dute aurrera. «Euskal Herriko gatazka politiko edo sozialarekin inolako harremanik ez duten Valentzia, Katalunia ala Madrileko profesionalek hartu dute parte. Era berean, azterlanak IRCT Torturaren Biktimak Birgaitzeko Nazioarteko Batzordearen eta EHUko Etika eta Ikerkuntza Sailaren babesa eta ikuskapena jaso du», azaldu du Markezek.
Soslai zabala
Praktikan, tortura salaketen eta salatzaileek erakusten dituzten sintomen arteko harremana aztertzean datza metodologia. Horretarako, soslai desberdineko 45 lagunekin aritu dira lanean. Belaunaldi desberdinetako kideak daude laginean, Espainiako Polizia Nazionalak, Guardia Zibilak edota Ertzaintzak atxilotutakoak eta inkomunikazioa bukatuta torturak salatutakoak denak. Tartean badira ere Garzon Protokoloa deritzona aplikatuta inkomunikazioa igaro duten herritarrak.
Torturak sufritutako herritar bakoitzak atxiloketa unetik epaile aurrera igaro arte gertatu zen guztia azaldu behar izan du. Trauman espezializatutako psikologo ala psikiatra batek gidatu du elkarrizketa bakoitza eta hasieratik bukaerara arte kamara batek grabatu du saioa. Medikuak bikoteka aritu dira, bat Euskal Herrikoa eta bestea, dupla, Estatu espainolekoa. Hari elkarrizketaren grabazioa bidaltzen zioten, baita euskal medikuek egindako informea ere. «Haiek grabazio ikusi, gure informeak gainbegiratu eta zuzentzen eta osatzen zituzten. Haien ikuskapena oso ona izan da, distantziatik guk baina gauza gehiago ikusi dituzte. Neutraltasun handia lortu dugu kanpoko ikuskapenarekin», dio ziur Barrenetxeak.
Ordu askoko lana eskatzen du Istanbuleko Protokoloa zehatz ezartzeak, kasu bakoitzean 20 eta 40 ordu artekoa, izan ere, elkarrizketa benetan sakonak egin behar izan dituzte. «Torturatuak distantzia askorekin azaltzen badu gertatutakoa, elkarrizketa moztu eta erresistentzia horiek hausten joan behar gara. Gero eta denbora gehiago pasa atxiloketa unetik, gero eta erresistentzia gehiago aurkitzen ditugu; hala, elkarrizketa suabeetan ez da sintomatologiarik apenas ageri», azaldu du psikologoak.
Batzuetan elkarrizketak ere eten behar izan dituztela eman du aditzera. Izan ere, mareoak, tentsio jaitsierak, dardarak, arnasketa arazoak edota antsietatea moduko sintomak azaleratu izan dira saioetan bertan. Une horietan, elkarrizketa eten eta terapia lasaigarriekin elkarrizketatua bere onera itzultzen saiatzen ziren. Ezinezkoa zen egoeretan hurrengo egunean itzultzeko eskatzen zieten. «Elkarrizketa gehiegi ez luzatzen ahalegintzen ginen, behin zauria irekita eurentzat ona ez zelako. Ariketa bukatzean zauria ixten saiatu gara, zaintza zerbitzu bat eskaini diegu denei eta batzuei terapiara joatea ere gomendatu diegu», gaineratu du Markezek.
Olatz Barrenetxea eta Iñaki Markez (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Alor metodologikoan zalantza izpirik suerta ez zedin, protokoloak berak ezartzen dituen pauso guztiak emateaz gain, torturaren inpaktuak eta sintomatologia aztertzeko nazioartean erabiltzen diren test psikometrikoak erabili zituzten. Zehazki, trauma ondoko estresa, depresioa, antsietatea, pertsonalitatea eta errua neurtzen ahalegindu ziren. Torturarekin batere harremanik ez duten galdetegiak ipini zizkieten torturatuei eta ahalik eta azkarren erantzun behar izan zituzten test horiek.
Emaitzak medikuen arreta ere eragin du. Izan ere, elkarrizketatuen % 83k trauma ondoko estresaren sintomaren bat erakutsi du. «Atxiloketa unea gogorarazten dieten estimuluen aurrean sintomatologia guztia itzultzen zaie askori: urduritasuna, izerdia, lotarako edo atentzioa jartzeko zailtasunak... –azaldu du Barrenetxeak–. Kontrol bat ala uniformedun bat ikustean, goizeko ordu txikitan dei bat jaso ala leiho azpian balaztada bat entzutean...».
Denboraren poderioz desagertu ez diren sintomak dira psikologoen kezka eragin dutenak. «Hogei urte ondoren trauma ondoko estresa agertzen duten pertsonei atxilotu eta berehala egin izan bagenie azterketa, disparate bat aterako zen. Egia da, hala ere, denborak batzuetan lagundu egiten duela, baina, beste kasu batzuetan, sintomatologia izoztu egiten duela», dio medikuak.
Torturatuetako hainbatek atxiloketa unean abiatutako gaixotasun psikosomatikoak dituztela ere frogatu dute, azalekoak, gastrikoak edo zefalea modukoak batik bat. Badira ere torturatuek eurek atxiloketa unearekin lotzen ez dituzten arazoak. «Dentistenganako beldurra, adibidez, ahoa denbora luzez zabalik edukitzeak eragiten dien itotze sentsazioagatik; buff edo bufandak ezin eramatea, itotze sentsazio beragatik; soinua ezin jasatea; atzetik ezin agurtzea; jende askoren artean akitzea... Askori pertsonalitatea bera ere aldatzen zaio», azaldu du.
Nortasunaren haustura eta hondamena bilatzen duten hogeita hamar teknika jasotzen ditu ikerketak. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Sintomek bizirik diraute
Barrenetxeak, baina, argi adierazi nahi izan du sintomatologiaren agerpenak ez duela sinesgarritasunarekin loturarik. Ez bada ageri ez du esan nahi testigantza gezurra denik, argitu duenez, askotan minaren ukapena egiten da-eta. «Euskal Herrian gainera, indarrean dagoen kulturak eragin handia du horretan, dena delakoa ere aurrera egiten duten horietakoak gara, kulturalki bederen», ohartarazi du.
Eskuratutako emaitzak ez dira nolanahikoak. Testigantzen %53,3k gehienezko sendotasuna dutela frogatu da, %31,1 oso sendoak direla eta gainontzeko %15,6 sendoak. Ikerketan parte hartu duten 45 lagunak, beraz, torturatuak izan direla frogatu du Istanbuleko Protokoloak. «Pertsona hauek torturatuak izan direla ziurtatu eta tratu anker horrek euren osasunean eragin handia izan duela baieztatu dugu. Are gehiago, ikertu gabe itxi ziren 45 tortura salaketa egon direla frogatu dugu –dio argi Markezek–. Guk errealitate bat ikusarazi dugu, tortura arazo instituzional bat da eta norbaitek neurriak hartuko beharko ditu orain».
Aztertutako 45 kasuekin, errealitate bat bistaratu eta salatzeaz harago, tresna bat jarri dute osasun alorreko profesionalok mahai gainean. Babes eta onarpen zabala lortu duen metodologia indartsu bat, hain zuzen ere. Ikerketa joan den urteko irailean Madrilen egin zen Psikiatriako Munduko Biltzarrean aurkeztu zuten. Aurrez, baina, Londresen egindako aurkezpenean Amnesty International, Redress eta Reprieve nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeen babesa eskuratu zuen ikerketak. Ginebrara ere bidaiatu zuten Nazio Batuen kontalariekin aritzeko eta torturaren aurkako, terrorismoaren kontrako eta giza eskubideen aldeko kontalariak ikerketaren babesle izatea lortu zuten. «Estatu espainoleko eta atzerriko babes hori bilatu dugu, ikerketa eta metodologiari pisu eta garrantzi handiagoa emateko», dio Markezek.
Torturaren aitorpenerako bide bat zabaltzeaz gain, Istanbuleko Protokoloa torturatuentzat ere ikuspegi terapeutikotik «onuragarria» dela diote bai Markezek bai Barrenetxeak. «Askotan, lehen aldia da torturari buruz hitz egiten dutela. Aurrez antzeman edota torturarekin lotu ez dituzten ondorio psikologikoez ohartzen dira, eta horiek lantzen has daitezke», esan du Barrenetxeak. Markezen ustez, testigantzari berari sinesgarritasuna ematea garrantzitsua da torturatuentzat, orain arte gezurti moduan katalogatuak izan direlako.
Ibai Esteibarlanda ikerketan parte hartu duen 45 torturatu horietako bat da. 2009ko azaroan atxilotu zuten beste 40 gazterekin batera, Segi gazte erakundearen aurkako polizia operazio batean. Polizi espainolaren esku igarotako inkomunikazioa egunetan torturatua izan zela salatu zuen epailearen aurrean, baita salaketa judiziala ipini ere. Polizia espainolak, baina, haren kontra egin zuen epaitegietan eta salaketa faltsua jartzeagatik salatu zuen.
Bi urte eman zituen preso Esteibarlandak, baina, inkomunikazioa gainditu ahala erabaki zuen askatasuna berreskuratuta torturak utzitako markak gainditzeko laguntza eskatuko zuela. «Tartean, ezin. Kartzelan hori guztia izoztu besterik ezin duzu egin, han ez dago laguntza aukerarik, norberak ahal duen moduan darama», dio penatuta.
Askatasuna berreskuratuta eta lehen hilabetetako «euforiaren» ostean deitu zion azkenena psikologoari. Harekin tratamenduan zegoela, 2012. urtearen erdialdean, suertatu zitzaion Istanbuleko Protokoloarekin lan egiteko aukera, eta ez zuen zalantzarik eduki. «Nire terapiaren atal moduan egin nuen», gehitu du.
Istanbuleko Protokoloak testigantza oso sendoa zela ondorioztatu zuen eta bere gorputzak, buruak eta ingurune sozialak testigantzarekin harremana zuten aldaketak jasan zituztela.
Ikerketari amaiera emateko, aurkezpenaren ostean parte hartu zuten profesionalek, peritatutako 45 lagunek eta euren familiek topaketa batzuk egin zituzten, azterketarekin lortutakoaren berri emateko.
Babes gehiagoren bila
Aurrerantzean babes bila jarraitzeko asmoa dutela iragarri eta hurrengo geltokia Europako Parlamentuan egingo dutela ere esan digute. Era berean, Nazio Batuen Erakundeko torturaren aurkako kontalariari lan elkarrizketa bat galdegin diote dagoeneko. Izan ere, aurten bertan egin beharra du Estatu espainoleko torturaren gaineko informea.
Euskal Herrian zein Estatu espainolean aurkezpen bira batean murgilduta daude uneotan egitasmoan parte hartu dutenak. Bartzelonan eta Madrilen aurkeztu dute jada eta Espainiako Neuropsikiatria Elkartearen inplikazio ere bilatu dute. «Bidea hori da, gure interesa ez da egitasmoa parte hartu dugunon artean geratzea, buru osasuneko edo auzitegiko medikuen artean edota abokatuen artean Istanbuleko Protokoloa ezagutzea da xedea, horretan formatzea», gaineratu du Markezek. Barrenetxeak gogora ekarri bezala gainera, zehazki haientzat da Protokoloa, abokatu eta auzitegiko mediku, psikologo eta psikiatrei zuzendutako alderdiak jasotzen baititu. «Haientzat da lan tresna, haiek dira atxilotuak ikusten lehenak eta haiek ezagutu beharko lukete», gehitu du.
Oraindik lan asko dago egiteko. Euskal Memoria Fundazioak 10.000 salaketa inguru zenbatu ditu 1960tik hona, eta hainbat ikerketaren arabera tortura jasan dutenen artean hirutik batek bakarrik salatzen ditu tratu txarrak.
Ikerketarekin 45 lagunen tortura salaketak ziurtatu dira eta orain neurriak hartu behar direla defendatu dute aho batez bi medikuek. «Gure esku frogatzea besterik ez dago, erreparatze neurriak eta ez errepikatzeko garantiak jarri behar dira orain. Istanbuleko Protokoloa, beste frogak bezala, behin mina egindakoan heltzen da, beranduegi».