NAIZ
GASTEIZ

Garoña inguruko alkate arabarrek behin betiko itxieraren aldeko manifestazioarekin bat egin dute

Garoña inguruko hamaika udalerri arabarretako alkateek babesa adierazi diote hilaren 28an zentral nuklearraren behin betiko itxiera aldarrikatzeko manifestazioari.

Orotara, hamaika udalerritako alkateek babestu dute Gasteizko manifestazioa, eta dei egin diete herrialdeko gainerako udalerriei zitarekin bat egin dezaten. Hilaren 28an izango da mobilizazioa, arratsaldeko 19.00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta.

Hain zuzen, udalerri hauetako alkateek egin dute hilaren 28ko manifestazioan parte hartzeko deia: Zanbrana, Aiara, Amurrio, Urkabustaitz, Kuartango, Erriberagoitia, Lantaron, Uribarri Gaubea, Armiñon, Beranturi eta Añana.

Aipatu udalerrietako alkateek herritarrei mobilizazioaren berri emateko konpromisoa adierazi dute eta, gogoratu dutenez, joan zen ekainean aldarrikatu zuten Garoñaren behin betiko itxiera.

«Egiazko alarma soziala piztu da, batetik, zentralaren segurtasunean eragiten duten egiturazko arazoengatik eta, arau eta legeriaren egonkortasun faltarengatik, bestetik, errege-dekretuka aldatzen baita, enpresa elektriko eta Gobernuaren arteko negoziazioen tenoreari jarraiki», salatu dute.

Hortaz, hogeita hamar kilometrora dauden herrietan arriskua «esponentzialki» areagotzen dela gaineratu dute.