Gobernu espainolak aplikatu nahi dituen erreforma ezberdinen aurka dauden ikaslez bete dira eguerdian Hego Euskal Herriko hiriburu guztiak. Ikasle Abertzaleakek deituta, ehundaka izan dira erreformei «planto» egin eta manifestaziora atera diren ikasleak. 13.000 izan dira orotara Hego EUskal Herrian, ikasle sindikatuaren arabera.
Europatik datorren EU2015 eta Gobernu espainolaren LOMCE hezkuntza hezkuntza erreformak dituzte jo puntuan ikasleek. Ikasle Abertzaleaken arabera, aipatu erreformen bidez hezkuntza «merkatuaren eta ideologia neoliberalaren mesedetara bideratzen dabiltza urte luzeetan zehar».
Horren aurrean, bestelako hezkuntza eredu baten alde atera dira kalera ikasleak. Baina protesta ekimenak ez dira gaurkoarekin amaituko. Martxoaren 18ko astera arte, «erantzunetik eraikuntzara» egingo dute salto. Hezkuntza herritik eta herriarentzat praktikan jarri asmo dute, alternatiba praktikoak martxan jarriz.
Hezkuntza ertaineko ikastetxeetan LOMCEren kontrako konpromisoak nola garatu eta eraiki nahi duten ereduaren inguruko eztabaidak gauzatuko dituzte, eta martxoaren 18an aurreko asteetan landutako eduki eta dinamika guztiak plazaratuko dituzte.
Unibertsitateetan, aldiz, ikasle mugimenduak aurrera eramango dituen Herri Unibertsitateetan parte hartzera deitu dute; martxoaren 16an hasiko direla aurreikusten dute.
Hainbat istulu ere jazo dira mobilizazio egun honetan. Lakuako Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, edukiontziak gurutzatu dituzte Gasteizko hainbat kaletan, eta Ertzaintza eta ikasleen arteko istiluan ere eman dira. Indar polizialek ikasleen aurka kargatu eta anbulantzian eraman behar izan dute pertsona bat. Zentzu honetan, «eserialdi baketsuen aurrean polizia biolentziaz oldartu eta hainbat ikasle zaurituak» izan direla salatu du Ikasle Abertzaleakek.
Bilbon ere kargatu du Ertzaintzak, eta gazte bat atxilotu du. Ordu batzuen buruan, ordea, aske utzi dute. EAJk salatu du Sabin Etxearen fatxadara pintura jaurti dutela ikasleen manifestazioa bertatik igaro den unean.
La fachada de Sabin Etxea ha sido atacada hoy al paso de una manifestación de estudiantes https://t.co/4GxY7W99TS pic.twitter.com/14B34nQ9f5
— EAJ-PNV (@eajpnv) February 26, 2015
Topatu.info ataria mobilizazio egunaren jarraipen berezia egin du, eta Twitter bidez #IkasleokPlanto traola ari dira erabiltzen. Ahotsa.info atariak, aldiz, Iruñeko mobilizazioen jarraipena egin du. Eguna laburbiltzen duen bideoa ere egin dute.