Arantxa MANTEROLA

Abertzaleek hautetsi berriak lortzeko aukera gehien duten eremua

Kantonamenduen banaketa berria, iragarritako abstentzio handia, PSk zituen bi kontseilari ezagunak oraingoan hauteskunde lehian ez izatea eta azken bozetan abertzaleak beren lekua finkatu ez ezik emendatzen ere joan direla kontuan hartuta, EH Bai-k zentro eta eskuineko hautagaiei gauzak zailduko dizkie segur aski, batez ere, Euskal Mendialdean.

Estatuan abian den lurralde antolaketa berriak erabat baldintzatutako hauteskundeak dira martxoaren 22an eta 29an egingo direnak. Pauen egoitza duen Departamenduko Kontseilu berria osatzeko, kantonamenduen banaketa aldatu egin da eta lehen Ipar Euskal Herrian 21 zirenak orain 12 dira. Hori bai, bakoitzak biltzen dituen herrien biztanle kopurua berdintsua da orain eta kantonamendu bakoitzeko ordezkari bana izan ordez, bi -gizon-emakumeak- izango dira aurrerantzean.

Orokorrean sekulako eragina duen beste elementu bat ezin da ahaztu; NOTRe deituriko legea oraindik eztabaidan dagoela, alegia. Horren ondorioz, inork ez daki zehazki zein eskumen izango dituen Departamenduak. Segurutzat jotzen da arlo sozialekoak (langabeentzako laguntzak, zahar etxe, haur edota ahalmen urriko pertsonen zaintza...) atxikiko dituela, baina zalantzan daude beste hainbat (bigarren mailako errepide-sarea, garraio publikoa eta ikastetxeetakoa, bigarren hezkuntzako azpiegiturak -kolegioak-, alor ekonomikokoak...). Izan ere, Gobernuak sustatutako erreformak 200 urte baino gehiago duen Departamenduko erakundearen botere hustuketa ekarriko du, zalantzarik gabe, eskualdeak (erregioak) eta herri-elkargoak indartzea baitu helburu.

Horiek horrela, nahasmena eta zehaztasunik eza nagusi dira hautagaien egitasmoetan eta, gehienetan, beren mezuak orokorrak dira oso. Hautesleak, berriz, oraintsu hasi dira jabetzen egun batzuk barru boza emateko aukera izanen dutela.

Euskal Mendialdea

Deitura ofiziala Euskal Mendialdea duen kantonamenduak 25.501 biztanle ditu eta, Zuberoa eta Nafarroa Behereko hegoaldea hartzen ditu. Kantonamendu handiena da, 66 herriz osatua. Maule hartzen da eremuko hiriburutzat.

Zazpi hautagai bikote aurkeztu dira eta hamalau horietatik denak, bat salbu, lehen aldiz. Orain kontseilari nagusia den bakarra soilik sartu da berriro lehian, Pepela Mirande zentrista, hain zuzen ere. Bere alderdiak (MoDem) UDIko beste zentristekin zein UMP eskuineko alderdiarekin egindako akordioari esker, Annick Trounday (UMP) izango du bikotekide. Hala ere, eskuineko beste bikote bat (Carrasco-Dutaret) aurkeztu denez, eskuineko botoa sakabanatu egingo da.

PSren aldetik, eremu horretan bi kontseilari ezagunak zirenak -Frantxua Maitia Donibane Garaziko kantonamenduan eta Arnaud Villenave Atharratzekoan- ez dira berriro aurkeztu. Alderdiko militante Jacqueline Sardon-Urruty eta Ruben Gomez, alderdikoa ez den Liginagako auzapez ezkertiarra, saiatuko dira esparru horretako boza bereganatzen. Alta, Etchecopar-Sagardoyburu komunistekin partekatu beharko dute esparrua.

EH Bai-ko Leonie Agergaray zuberotarrak eta Antton Curutcharry Baigorriko zinegotzi gazteak zati bat kenduko diete, seguru asko. Gainera, ezkerreko planteamenduak abertzaleenekin batzen dituztenez, erdiets dezaketen babesa garrantzitsua izan daiteke, beharbada bigarren itzulian hautatuak izateko adinakoa. Ildo horretan, itxaropentsu agertu dira ezker abertzalekoak Pauen ordezkaritza emendatzeko (orain bakarra dago, Alain Iriart Hiriburuko kantonamendukoa).

Beste hiru kantonamendutan bezala, EAJ-PNBk bere aukera eskaini die boto-emaileei Bethart-Iribarne tandemarekin.

Eta FNk denetan hautagaiak aurkeztu dituenez, ikusteko dago zein emaitza izango duen zentristek eta sozialistek partekatu ohi duten eremu honetan.

Bidaxune - Amikuze-Oztibarre

Kantonamendu hau Nafarroa Behereko iparraldeko 25 herrirekin, aitzineko Iholdiko kantonamendukoekin eta Bidaxune, Bastida eta Hazparnealdeko batzuekin berrosatu da. Orotara, 52 herri eta 21.027 biztanle ditu eta Donapaleu da hiriburua. Lau bikote aurkeztu dira.

Hemen ere ia guztiak hautagai berriak dira, Jean-Jacques Lasserre kenduta, jakina. Egun Hautetsien Kontseiluko buru eta MoDem-eko senatari dena Anne-Marie Bruthe bere alderdikidearekin aurkeztu da, UMPren babesarekin, baita egun Paueko parlamentuan Gobernuan dagoen PS gaindituz gero, presidente berria izateko ere. Eskuinak eta zentristek indar handia izan dute betidanik eremu honetan. Esaterako, orain dagoen Jean-Louis Caset 23 urtez izan da kontseilari nagusia Iholdiko kantonamenduan, eta UMPko Jean Casteingsek beste 18 urtez ordezkatu du Pauen Bastidakoa. Horrenbestez, Lasserre-Bruthe tandemak aukera handia du bi eserlekuak bereganatzeko.

Alta, EH Bai-ko abertzaleek ere azken boz deialdietan egin dituzten aitzinamenduak kontuan izan beharko dira. Aurkeztu dituzten hautagaiak -Xabi Larralde eta Anita Lopepe- erreferentzia handikoak dira bai lokalki bai Euskal Herri osoan ere. Ezker moderatuak Sauveur Bacho Arberatzeko auzapezaren eta PSko Veronique Roberten aldeko apustua egin du, Berdeen babesarekin.

Laugarren bikotea FNko Valerie Franco eta Pierre Perez dira. Kantonamendu honetan ere lor dezaketen emaitza inkognita da baina, logikaz, abertzaleen esparrutik baino gainerako indarretatik eta abstentziotik gizendu beharko luke.

Baigura-Mondarrain

Kostaldearen eta barnealdearen arteko atean dago. Lehengo Kanboko eta Ezpeletako kantonamenduko herri gehienak gehi beste batzuk (Larresoro, Hazparne, Haltsu...) biltzen ditu Baigura-Mondarrain mendi izenez bataiatu duten kantonamendu berri honek. 22.913 lagun bizi dira bertan eta Kanbo da hiriburua.

Bost bikotek parte hartuko dute Pauera iristeko lasterketan. Zentristen artean izango da lehia nagusia, egun kontseilari diren Beñat Inchauspe Hazparneko auzapeza eta Vincent Bru Kanbokoa berriro aurkeztu baitira; hori bai, aurrez aurre. Lehenak Frantxa Etcheverry-Cachau du bidelagun eta, Isabelle Pargade, besteak. Joera politiko bertsukoak aurkeztu izanak zentro eta eskuinaren aldekoen botoa dezente sakabanatuko du. Biek dute alderdi ofizialen babesa eta lehen itzulian emaitza onena lortzen duena izango da bigarrenean. Horri FN hemen ere aurkeztu dela gehitzen bazaio, bigarren itzulia nola geratuko den ikustea interesgarria izango da, eta hor gakoa izan daiteke EH Bai-ko Juliette Bergouignan eta Jean-Paul Larre-k, dagoeneko hainbat hauteskundetan trebatutako abertzaleek, lortzen duten babesa. Sozialistek bi etxeko kide aurkeztu dituzte, Jean Capdevielle eta Juana Etchegoin.

Zerbitzu publikoak eta gazteak bertan atxikitzea eta laborantza mantentzea, erronken artean

Hautagaien joera politikoaren arabera indar gehiago edo gutxiagorekin, Ipar Euskal Herri osorako erakunde baten eskakizuna eta euskararen biziraupenerako neurriak hartzea kantonamendu guztietan hautagai gehienek planteatzen dituzten gaiak dira.

Halere, landaguneak eta laborantza nagusi diren hiru kantonamendu hauetan badira mahai gainean beste hainbat gai. Zerbitzu publikoak atxikitzea da horietako bat. Izan ere, barnealde eta kostaldearen artean hainbestetan azpimarratzen den desorekaren adierazleetako bat da, zerbitzu horietan izaten ari diren murrizketek herritarren eskubideen berdintasuna kolokan jartzen baitute.

Esaterako, La Poste-ren berrantolaketa dela-eta, hainbat herritan (Larzabale, Baigorri...) posta bulegoak itxi edo banaketa zentroak lekualdatzeko zorian dira eta horrek landa-lur eremuan dakartzan ondorioen gainean arrangura handia dago.

Gaitasun urritasuna dutenen, haurren eta adinekoen zaintzarako egituren eskasia ere hautagaien artean maiz aipatzen den arazoa da, batez ere demografikoki populazioa nahiko adindua delako. Osasunarekin lotutako zentroetan, batez ere Kanbon eta Itsasun, legeak eskatzen dituen arauetara jartzeko egin behar diren lanak egin baino ohe-kopuruen ratioak erabiltzen dira eta hiri-eremuetara deslokalizatzen ari dira erietxe edo zaintza-etxe asko. Ondorioz, jarduera horri lotutako 700 lanpostuen geroa zalantzan dago.

Aspaldiko urteetan beti mahai gainean izan den Donibane Garaziko saihesbidearen gaia ez da kanpaina honetan gai izarra izango, nahiz eta hautetsiren batzuek aipatzen duten oraindik. Izan ere, duela hilabete gutxi proiektua erabat baztertua geratu zen.

Bestalde, barnealdean -Zuberoan gehienbat- eta laborantza esparruan azken urteetan gertatzen ari den desertifikazioari aurre egiteko gazteak bertan geratzea ezinbestekotzat jotzen dute. Xede hori lortze aldera baldintza egokiak sortu behar direla nabarmena da. Hala, etxaldeetan instalazio berriak laguntzea, baita laborarien familiakoak ez direnak ere, laborantza, hazkuntza, mendia eta basoak bizirik mantentzea, enpresa edo jarduera xumeak sustatzeko mintegiak abian jartzea eta kooperatibak sortzea aipatzen dira hartu beharreko neurri ekonomikoen artean. Zuberoan dagoen jarduera industriala (1.200 lanpostu inguru) babestu eta sustatzeko ahalegina ere aipatzen da, nahiz eta ez dagoen batere argi Departamenduko Kontseiluak eskumen hori izango duen. Langabezia kostaldean baino apalagoa da (Garazi-Baigorri inguruan %5,7 eta Zuberoan %6,3).