Penaltiz egin du lehena Adurizek, San Josek bigarrena Adurizen burukada zoragarri baten ostean eta bi goleko aldeaz joan dira Celtaren eta Athleticen jokalariak aldageletara. Itxura guztien arabera partida erraza zetorkien zurigorriei, joera dotorean jarraitzeko moduan. Ez da hala izan, ordea.
Bigarren zatia hasi eta hamar minutura partidan aldeak nabarmen erakusten ari zen Adurizek min hartu du eta zelaia utzi du. Hortik aurrerakoan sufrimendua, sufrimendu gehiegi partida kontrolpean zuen Athleticentzat.
Larriveyek egin du 1-2koa galiziarrentzat eta aukerak bata bestearen atzetik izan dituzte hauek jarraian. Athleticek ere izan ditu tartean martean batzuk baina Iraizozek behin baino gehiagotan atera behar izan ditu azken orduko mirarizko esku kolpeak.
Azken minutuetan behera egin du Celtak apur bat eta Athleticek egin du gora joateko imintzioren bat. 85. minutuan, ordea, bigarren txartel horia ikusi du San Josek eta bat gutxiagorekin eutsi diote lehoiek azken astinduari. Guillermok izan du partida erabakita uzteko aukera baina kale. Luzapeneko azken minutuan izan du Celtak bere azken aukera baina ez dute asmatu eta azkenean hiru puntuak Athleticentzat, 36 sailkapen nagusian eta eremu erosoan etxerako buelta.