Nagore BELASTEGI

Sentsibilitate desberdinak bide beretik oinez hasten direnean

Desberdinak batu eta helburu berdinari heltzeko proposamena Idiazabalera iritsi zen larunbatean Gure Esku Dago dinamikaren barnean. Enbaxadoreak, kasu honetan, Patxi Zabaleta eta Iñaki Zarraoa izan ziren.

Ahots desberdinak biltzeko helburua dauka Gure Esku Dago dinamikak aurten. Iazko giza kate erraldoiak emandako bultzadaren ostean, etorkizuna guztion artean ehundu nahi du, baina, horretarako, ahalik eta jende gehienaren laguntza behar da.

Mezua Euskal Herriko txoko guztietara eramateko hitzaldi eta ekimen ugari ari dira antolatzen eta larunbatean Idiazabalgo herritarrei iritsi zitzaien txanda. Iluntzean Gurasoen Elkarteko aretoa jendez lepo zegoen. Izan ere, gonbidatuek esan behar zutena entzuteko gogoa zuten idiazabaldarrek. Patxi Zabaleta (EH Bildu) eta Iñaki Zarraoa (EAJ) zitara garaiz iritsi ziren, baina taula gainean hutsik zegoen beste ahulki bat. Azken momentuan hirugarren gonbidatuak, Jesus Egigurenek (PSE), mezu bat bidali zuen arazo pertsonal bat tarteko ezingo zuela agertu esanez.

Egigurenen iritzia faltan bota bazen ere, beste bi hizlariek ideia interesgarriak plazaratu zituzten. «Gure Esku Dago beharrezko mugimendua da, bere mezua demokraziaren mezua delako -esan zuen Zabaletak-. Krisialdi batetik ateratzen gaude, aldaketa sakonen atarian. Horiek nolakoak izango diren ez dakigu, baina bai erabaki dezakegu zein norabide izango duten».

Zarraoak idiazabaldarren aurrean mintzatzeko «beldurra» aitortu zuen lehenengo: «Zer esango dizuet nik, segur aski nik baino gehiago dakizuenean?». Hala ere, bere iritzia ematera ausartu zen. Bere ustez, «zenbat eta sentsibilitate gehiago bildu, are aberasgarriagoa izango da Gure Esku Dagok garatutako bidea». Bizikidetza landu behar du Euskal Herriak, «eta hori ez da orain arte egin duguna; gure lagunekin egon eta besterik ez. Jende desberdinarekin egon behar da, ghettoa ireki eta hitz egin. Gure Esku Dago hori baino politagoa da gainera, proiektu batean elkarrekin aritzea proposatzen baitu».

Zarraoaren iritziz, bide horretan pausoak ematen ari da gizartea. «Ez dakit Jesusek [Egiguren] zer esango zukeen, baina izan naiz sozialistekin beste hitzaldi batzuetan eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dute», aipatu zuen.

Lehenengo, eskubidea

Bereziki ideia bat azpimarratu zuten bi politikariek; erabakitzeko eskubidea dator lehenengo, eta, ondoren, erreferenduma eta horren emaitza. «Segur aski gehienok independentistak gara hemen, baina Gure Esku Dagok ez du independentzia eskatzen, baizik eta erabakitzeko eskubidea; herriak erabakitzen duena onartuko du», azpimarratu zuen Zarraoak.

Patxi Zabaletak ideia hori babestu eta «eztabaida gizarte osora» zabaldu behar dela esan zuen. Bide horretan, erabakitzeko eskubidea babesten ez duenari bere jarrera justifikatzea eskatzea proposatu zuen. «Eskozian eskuindarrek ere ontzat eman zuten herriak erabakitzen zuena onartuko zutela. Hori jarrera demokratikoa da».

«Askotan pentsatu dut giza katean parte hartu ez zutenak damutu egin zirela eta hurrengo ekimenetan gehiagok parte hartuko dutela. Dinamika honetan sartzea egin dudan gauzarik onena izan da. Guztiak animatzen zaituztet, oso esperientzia polita delako», amaitu zuen EAJko kideak.