@aagirrezabal
IRUÑEA

Aldaketak Iruñeko ibilbidean Korrika Nafarroa Garaian barrena ibiliko den egunean

Korrikak gaurkoan Nafarroa izango du protagonista. Baztan, Ultzama, Leitza, Iruñerria eta azkenik Larraun bailaran ibiliko da gora eta behera. Iruñeko Udalak azken orduko aldaketak egin ditu nafar hiriburuko Alde Zaharreko ibilbidean, Dolorosaren prozesioa dela-eta.

Korrika jendez gainezka Urepeletik irteterakoan. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Korrika jendez gainezka Urepeletik irteterakoan. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Nafarroako errepideeten barrena ibiliko da gaurkoan Korrika, eta euskarak herrialde honetan bizi duen egoera izango da protagonista. Iruñerrian arituko dira milaka euskaltzale 19:00etatik gauerdirarte. Hala ere, Iruñeko Udalak trabak jarri ditu beste behin, Alde Zaharreko ibilbidea azken orduan aldatuz, Dolorosaren prozesioa dela-eta. «Oraingoan ere, Iruñeko Udalak euskara ez den orori lehentasuna eman, eta Korrikari trabak jartzeko ahaleginak egin ditu; hala ere, oztopoen gainetik Korrikak salto egiteko ahalmena duela erakutsi du behin baino gehiagotan; hortaz, oraingoan ere aurrera egingo du!», adierazi dute antolatzaileek.

Ibilbide aldaketen ondorioz, Korrika Alde Zaharreko honako kaleetatik igaroko da: Sarasate, Navas de Tolosa, Takonera kalea, Bajada del Portal Nuevo, Santo Domingo, Mercado kalea, Aldapa kalea, Karmen kalea. Ibilbide berriak lekuko aldaketan ere eragina izango du; hala, Alde Zaharreko merkatariek lekukoa Udaletxeko plazan hartu beharrean, Santo Domingo aldapan hartu beharko dute.

Dena den, goizean goizetik gurutzatuko du Nafarroako iparraldea. Baztan, Ultzama eta Leitzaldean egingo dira kilometroak Iruñerrira sartu aurretik. Bertan, Osasunako jokalari den Oier Sanjurjo kiometroa erosi du Arren (243. kilometroa) eta Tiko jokalari-ohi nafarrak Lezkairun (262. kilometroa). Bien artean, 254. kilometroan, Burlatan, Faureciako langileek hartu dute. «Jakin badakigu enpresa kinka larrian dagoela, itxi nahi baitute; beraz, ahalegin handia egin dute langileek kilometroa erosten», azpimarratu dute arduradunek.

Gauerdiarekin batera utziko du atzean Korrikak Iruñerria, eta azkenik, Irurtzunerako norabidean jarriko da. Irurtzunen bertan, 327. kilometroan, Iruñeko ikastoletako atezainek hartuko dute lekukoa, eta 334. kilometroan, Madotzen, Zuarrarrateko aldapetan gora, Berri Txarrak taldeak gorde du kilometroa. Hala ere, talde nafarra Mexikon dago biran, eta euren lagun batek eramanen du lekukoa haien ordez. Era berean, ohi den moduan, Larraun bailarako bi suhiltzailek bertako 20 kilometro egingo dituzte oso-osorik, lekukoa bertako eragile eta elkarte desberdinek eramaten duten bitartean.