Gauza bera Etxalarren, Igantzin eta Lesakan. Azken herri honetan, hamaika argazki eder atera zitezkeen. Bertakoak zoratzen zeuden. «Gustatzen zait Korrika, Euskal Herriko manifestaziorik politenetako da, beharbada politena», zioen emakume batek. Zubia aprobetxatuta kanpotik asteburu pasa etorritako lagun ugari ere bazen. Adibidez, hiru gipuzkoar, arabar bat eta bizkaitar bat, eta amaren sabelean dagoen Aratz ere bai. «Horregatik ez dut korrikarik egiten», argitu du amak.
Ederki dibertitzen ari dira Agurainetik eta Gasteiztik Korrika bizikletaz segitzen ari diren bi neska taldeak bezala. Tarte batzuetan lasterketa jarraitu, aterpeetan lo egin, besta egin, ligatu… «Hirugarren eguna da eta denetarik egiteko aukera izan dugu. Plan oso ona da Korrika!», diote irri algaraka.
Irundik sartu da lasterketa Bortzirietara. Gipuzkoako hirian, Xenofobiaren eta Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izaki, EH 11 Kolore ekimenak bost kilometro egin ditu, berez koloretsua den maratoiari kolore gehiago erantsiz eta euskara lokarri duen Euskal Herri anitza aldarrikatuz. Fermin Muguruza AEK-ko ikasle izandakoak ere bat egin du EH 11 Kolorerekin, Lakuako Gizarte Politiketako sailburuak, Angel Toñak, bezala.
Behobiara bidean egin diren kilometro hauek ere zinez hunkigarriak izan dira. Horren erakusgarri, bukatzean emakume batek isuritako malko gozoak.
Goizean ere momentu berezi pila egon da. Tolosan, omenaldia egin diete zendutako Inazio Agirre eta Aitziber Sarasolari; aurten 400 urte betetzen dituen Andoainen, 400 herritarrek egin dute laster 400. kilometroan; eta Hernanin, San Juan Suetako pertsonaia magikoek egin diote ongietorria euskararen aldeko ekimenari: han ziren sorgin sendatzaileak, akerrak…
Kaleak animazioz, emozioz eta jendez lepo egon dira Oreretan ere. Bertan, talde feministen kilometroan emakume musulman batek eraman du lekukoa, hemen ere aniztasunarekin bat.
Larunbata eta gainera zubia izaki, jaiak antolatu dituzte Korrikaren inguruan hainbat herritan, Oreretan kasu.
Azkaine, Sara, Senpere eta Uztaritze zeharkatuz Baionarantz doaz euskahaldunak. 23.30 aldera ailegatuko dira Lapurdiko hiriburura.