«Gaur, beste behin ere, giza eskubideen urraketa baten aurrean aurkitzen gara», adierazi du Sarek agiri baten bitartez. Hau dela-eta, presoen oinarrizko eskubideak lantzen dituzten bi elkartetako (Etxerat eta Jaiki Hadi) kideak atxilotzea «onartezina» dela salatu dute.
Honela, operazio berri honek helburu bakarra izan dezakeela gaineratu dute: «Presoentzat ezinbestekoa den asistentzia oztopatzeko asmo argia justifikaezinak dira. Ez da ulertzen zein delitu egon daitekeen presoen eskubideen alde senideen naiz osasun arlotik egiten den lanean».
Era berean, «kasualitatean» sinesten ez dutela adierazi dute, eta atxiloketa atzo Bruselan emandako ekitaldiarekin lotu dute, non nazioarteko 24 pertsonaia esanguratsuk dispertsioaren amaiera eta Arnaldo Otegi aske uztea eskatu zuten. «Hori da jarraitu beharreko bidea, ezinbestekoa da europan eta munduan gure herrian giza eskubideak etengabe urratzen direla ezagutaraztea. Oinarrizkoa da arazoa nazioarteratzea», seinalatu dute.
Honen aurrean sarea gero eta gehiago indartzea beharrezkoa dela iritzi dute. «Ezberdinen artean, guztion artean, irekita dirauten zauri hauek ixteko bidean jartzeko garaia da», amaitu dute.