NAIZ
BILBO

Athletic-Real derbian Iñigo Cabacasi eta Aitor Zabaletari omenaldia egiteko eskatu dute

Iñigo Cabacasen lagunek eskaera egin diote Athletici, Realaren aurka apirilaren 29an San Mamesen jokatuko duen derbian Cabacasi eta Aitor Zabaletari omenaldia egin diezaien. Apirilean hiru urte beteko dira Athleticeko zalea Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zenetik eta egun horretarako ekitaldia antolatu dute hilzorian erori zen tokian.

Iñigo Gogoan plataformako kideak, gaurko agerraldian. (ARGAZKI PRESS)
Iñigo Gogoan plataformako kideak, gaurko agerraldian. (ARGAZKI PRESS)

Iñigo Gogogan plataformak agerraldia egin du Bilbon, Athletic taldeari egin dion eskaeraren berri emateko eta apirilaren 11rako antolatu duen ekitaldia aurkezteko.

Koldo Gutierrez eta Bikendi Arrausik azaldu dutenez, Athleticek eta Realak apirilaren 29an San Mamesen jokatuko duten derbian Iñigo Cabacasi, Aitor Zabaletari –1998an Atletico de Madrideko zale batek eraila– eta haien familiei omenaldia egiteko eskatu diote talde zurigorriari, eta erantzunaren zain daude. Zabaletatarrekin harremanetan jarri direla esan dute, eta Athleticek baiezkoa ematea espero dute.

Heldu den apirilaren 9an hiru urte beteko dira Cabacas Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zenetik eta hilaren 11n ekitaldia antolatu dute, 18.00etan, Maria Diaz de Haro kalean, hilzorian erori zen tokian, «nahikoa da, justizia nahi dugu» aldarrikatzeko. 1.095 egun izango dira basauriarra hil zenetik eta beste hainbeste puxika askatuko dituzte, Bilboko zerua «justiziaz betetzeko».

«Gutxieneko elkartasun sentimendu bat» dutenei dei egin diete, ekitaldira joan eta kalea jendez eta puxikez bete dadin, «hau buka dadila» aldarrikatzeko.

Ildo horretan, gogoratu dute hiru urte igaro direla eta oraindik ez direla gertaerak argitu eta ardurak zehaztu, eta Bilboko epaitegi batean egiten ari diren ikerketa «ezer argitzetik oso urrun» dagoela salatu dute.

Bilboko Udalean bihar Iñigo Cabacasi egingo dioten omenaldiaz galdetuta, «berandu» datorrela baina «ongietorria» dela esan dute.