@Maider Iantzi
Bera

Baztanen, Euskal Herriko udalerririk zabalenean, EH Bildu eta UPN aurrez aurre

Baztan-Bidasoa ibaiak bustitzen dituen lurretan EH Bildu da aukera sendoenetakoa, sendoena ez bada. Kasu batzuetan berea da hautagaitza bakarra; lurraldez Euskal Herriko udalerririk zabalena den Baztanen, UPNrekin dago lehian. Deigarria da zenbait herritan azken alderdi honek eta PPNk kanpoko jendez osatutako zerrendak osatu izana. Beran, Esteban Gonzalez Pons eurodiputatua aurkeztu da.

 

Baztango Udalaren ekitaldia Amaiurren, Udalbiltzarekin eta herritarrekin batera, joan den martxoan, gazteluko lanak bukatuta. Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Baztango Udalaren ekitaldia Amaiurren, Udalbiltzarekin eta herritarrekin batera, joan den martxoan, gazteluko lanak bukatuta. Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Badira herriak maiatzaren 24an intrigarik izanen ez dutenak. Zerrenda bakarra atera da, EH Bildurena, eta dagoeneko badakite zein izanen den alkatea. Hori gertatu da Arantza, Sunbilla, Bertizarana eta Iturenen.

Udal guztietarako aurkeztu dituzte hautagaitzak Malerrekan. Ez da erraza izaten herri ttikietan eta zenbait urtetan hutsik gelditu izan dira aulkiak lehen deialdian. Oraingoan, nabarmentzekoa da Oizen bi talde osatu dituztela. Aldi honetan Bortzirietako herri bat, Igantzi, gelditu da hautagaitzarik gabe eta ikusi beharko da nola osatuko den udala. Legasa, Narbarte eta Oieregiko kontzejuak kudeatzeko ere ez da inor aurkeztu eta ez dute alkaterik izanen oraingoz.

Donezteben, talde berria

Malerrekarekin segituz, Donezteben urte luzetako gobernua aldatzera doa. EAk izan du alkatetza azken 24 urteetan. Aitzineko hauteskundeetan ere, bertze tokietan koalizio abertzalea osatu zenean, hemen EAk segitu zuen. Orain uztea erabaki dute eta EH Bilduko talde berria sortu da, «izugarrizko ilusioarekin».

Lehiakide izanen dituzte PSNkoak, hauek ere lehenbiziko aldiz aurkeztuak, eta taldean herritar bakar bat ere ez duten PPNkoak, duela lau urte zinegotzi bat lortu zutenak.

Xanti Uterga buru duen EH Bilduko taldekideek GARAri azaldu diotenez, herrian «aspaldi edo inoiz egin gabeko ekimenak» egin dituzte: inkestak, topaketak... eta, hala, «herri programa eta hautagaitza serio bat» osatu ahal izan dituzte. «Duela zortzi hilabete hasi ginen eta jendetza elkartu da batzarretan. Inongo interes ezkuturik gabeko jendea bildu da, deitu gabe etorri da, eta prozesu naturala izan da taldea osatzea», adierazi dute.

Lehia gogorra Baztanen

Euskal herriko udalerririk zabalena da Baztan eta bertako udalak hamabost herri hartzen ditu barrenean. Hauek zinpeko alkateak dituzte. Ez da erronka makala guztia kudeatzea, alkatetzan egon den EH Bilduko kideek dioten bezala, dena x15 baita. Eta honi nafar Gobernuak «udalekiko sentsibilitaterik ez izatea» eta bere diru-laguntzak «eskasak» izatea gehitu behar zaio.

«Baina egin dugu eta eginen dugu», dio koalizioak, hautagaitza errepikatu eta erronka berriro gainditzeko prest. Egin duen lanaren balantze baikorra egiten du; bere akatsekin gauzak desberdin egin dituela deritzo. Mikel Ortega alkateordeak, berriz zerrendaren bigarren postuan dagoenak, agertu du duela lau urte Nafarroa Bairi lekukoa hartu zietenean zorpetutako udal bat topatu zutela. Horrek egunerokoan mugatu ditu, baina «irudimenarekin eta ilusioarekin gauza ttiki aunitz» egin dituzte eta norabidea aldatu diote Udalari.

Tartean uholdeak izan dituzte eta bertze zarta bat eman diete. «Baina horretatik ere atera gara eta erakutsi dugu kudeatzen badakigula».

Ezkerraren babesarekin gobernatu dute. Hauek bi zinegotzi dituzte eta EH Bilduk bost. Nafarroa Baik bat eta UPNk bertze bost, alkategai aurkeztuko den Begoña Sanzberro buru.

Panorama berria irekiko da Baztanen, Geroa Bai aurkeztu delako, Nafarroa Bairen segida moduan, eta Baztan Auzolanean izeneko bertze talde bat ere bai. Ezkerra, UPN eta EH Bildurekin, bost talde izanen dira eta lehia gogorra izanen da.

Esperantza guztiak dituztela dio Ortegak. Talde berria sortu dute, gaztea, Baztanen arrunt ezaguna, hainbat arlotan musu truk lanean aritu dena. Gauza bat utzi nahi du garbi: «Edo UPN ateratzen da edo gu ateratzen gara».

Beran, «bai ala bai»

Lesakan alkatetzan egon da koalizio abertzalea eta berriz ere borroka egonen da Geroa Bairekin. Beran, EH Bilduk udal ezkertiar, abertzale eta euskaldun bat izateko aukera eman nahi die herritarrei. Zerrenda bai ala bai atera behar zela ikusten zuen, bertze hiru hautagaiak eskuinekoak edo zentro-eskuinekoak direlako eta horietakoren bat ateratzen bada, Udalak euskararen erabileran eta bertze politiketan atzerapauso nabarmena emanen duela uste duelako.

PPN eta UPNko zerrendak osatzen dituzten pertsonak ez dira bertakoak. PPNko taldearen azken postuan Esteban Gonzalez Pons Europar Parlamentuko bozeramailea dago, aitzineko hauteskundeetan Ana Mato, iaz Gürtel auzian inputatu ondotik dimititu egin behar izan zuen Osasun ministroa, egon zen bezala. 2011n UPNk zinegotzi bat lortu zuen –udaleko kideek behin eta berriro salatu dutenez, lana egin baino eman egin duen Juan Losa, berriro zerrendaburu aurkeztu dena– eta PPk ez zuen atera hogei bozka ingururengatik. Orduan, berriz ere esperantza dute.

EH Bilduk nahiko garbi ikusten du ez baditu sei zinegotzi ateratzen ezin izanen duela alkatetza lortu, aipatutako bertze bi alderdiek eta Herrirako taldeak errana dutelako elkartzeko prest daudela gobernua lortzeko.

Josu Iratzoki da EH Bilduren alkategaia. Badaki zer den lan hori, alkate izan baitzen 2007-2011 legegintzaldian, EAE-ANVren buru. Orain talde berriarekin dator Udala irekitzeko asmoz.  

Azken urteotan Aralarrek gobernatu du Beran, EAJren babesarekin. Orain ez bat eta ez bertze ez da aurkeztuko eta garrantzitsua izanen da bozka horiek nora joanen diren.

Herriaz eta eskualdeaz harago, Iruñera begira daude Baztan-Bidasoa aldean ere, Nafarroan aro berri bat irekitzeko irrikaz eta horrek udalei ere ekarriko lizkiekeen onurak buruan.



All about M24