@Maider Iantzi
DONOSTIA

Proiektuak aurrera jarraituko duela nabarmendu du Donostiako EH Bilduk

Grosen, Urumea ertzean dagoen EH Bilgunea bete-beteta egon da gaur goizean. Han elkartu dira koalizioaren Donostiako ordezkariak, lau urteotan gobernuan egon direnak eta hurrengo legegintzaldirako hautagaiak. Ez dute alkatetzan jarraitzerik izango, baina proiektuak bai, segituko duela azpimarratu dute.

Donostiako EH Bilduko lan taldeko ordezkariak, balorazio prentsaurrekoan. Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS
Donostiako EH Bilduko lan taldeko ordezkariak, balorazio prentsaurrekoan. Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS

Donostiako EH Bilduko kideen bisaiek gobernuan segitu ezin izanaren kolpea islatzen dute, baina, horren gainetik, aitzinera egiteko gogoaren eta determinazioaren ispilu dira. «Lau urteotan lan handia egin da eta gu pozik gaude. Seguru gaude ereindako haziak loreak emango dituela», adierazi du iragan den legegintzaldian alkate-makila eraman duen Juan Karlos Izagirrek.

Jende eta kazetari pilaz inguratuta, botoa eman dutenei eskerrak emanez eta lehen postuan gelditu den Eneko Goia zorionduz hasi du hitzaldia Izagirrek. Milesker erran die EH Bildu sostengatu duten 20.500 lagunei. Koalizioaren proiektua hirian sustraituta dagoela eta jasotako botoak horren oinarri direla defendatu du. Eredu berria posible dela erakutsi dutela eta egiteko modu horrek emaitza onak eman dituela aldarrikatu du.

Esplikatu duenez, «beste batzuek boto asko aktibatu dituzten bezala» koalizioak ez du gauza bera lortu eta datozen egunetan horren zergatia aztertuko dute.

Garrantzitsua egitasmoa dela eta horrek aurrera egingo duela errepikatu du orain arte alkate izandakoak, kazetariek behin eta berriz berak pertsonalki Udalean jarraituko duen eta zer plan dituen galdetu eta gero. «Bidea luzea da, baina markatuta dago, norabidea jarrita dago». Hauteskundeotan izan den parte-hartze altua goraipatu, eta hori eguneroko bihurtu behar dela defendatu du. «Hiri, auzo eta kale bizi eta antolatuak behar ditugu eta EH Bilduk bide horretan jarraitzeko tresna izaten segituko du».

Prestutasuna agertu du bozketan garaile izan den Goiarekin hitz egiteko eta boterea «normaltasunez» pasatzeko.

 

All about M24