NAIZ
IRUÑEA

Uxue Barkosek Nafarroako Gobernuko lehendakari kargua zin egin du

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari izendatu dute gaur ofizialki, Parlamentuan egin den ekitaldi jendetsuan. Euskaraz eta gaztelaniaz zin egin du Barkosek. Lehendakari berriak «aldaketa geratzeko iritsi dela» aldarrikatu du eta bertara iristeko jende askok aurrera eraman behar izan dituen borrokak ekarri ditu gogora.

Uxue Barkos eta Ainhoa Aznarez, kargua hartzeko ekitaldian. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Uxue Barkos eta Ainhoa Aznarez, kargua hartzeko ekitaldian. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Aurreko astelehenean Parlamentuan Nafarroako lehendakari hautatua izan ostean ofizialki, Uxue Barkosek gaur hartu du kargua. Ekitaldia 11:30ak pasata hasi da Legebiltzarrean, 300 gonbidatu inguru bertan zirela.

Nafarroako Gorteen ereserkia entzun dute lehendabizi, eta ondoren Maiorga Ramirezek Barkos lehendakari izendatzen duen erret dekretua irakurri du, euskaraz eta gaztelaniaz. Uxue Barkosek berak hartu du hitza gero, zin egiteko. Lehendabizi euskaraz eta ondoren gaztelaniaz, Nafarroako Foru Erregimena «errespetatu, mantendu eta hobetuko duela» eta «Konstituzioa obedituko» duela zin egin du. Txalo zaparrada luzea jaso du agintari berriak.

Ainhoa Aznarez Legebiltzarreko lehendakariak ondorengo hitzaldian «historikotzat» jo du bi emakume Nafarroako bi erakunde garrantzitsuenetako buru izatea eta bata bestearen ondoan lanean aritzeko eskua luzatu dio «aldaketa iraunkorra izan dadin». Aldaketa hau giza eskubideetan oinarritu behar dela sinatu du Aznarezek, «honek ulertzeko esparru komun bat sortuko duelako, gizartearen esparrua dena».

«Haiek izan zirelako heldu gara honaino»

Honen ostean berriz hartu du hitza Nafarroako lehendakari berriak. Barkosek Nafarroan «garai berri» bat hasten dela nabarmendu du eta egun honetara iristeko borroka egin dutenak ekarri ditu gogora; hala, frankismoaren biktimak, askatasunaren alde borrokatu zirenak eta ikastolak ere izan ditu gogoan. «Haiek izan zirelako heldu gara honaino», aldarrikatu du.

Ildo beretik, fronteetan banatutako Nafarroa «inoiz ez itzultzea» eskatu du, nafar guztiek eskubi zibil eta sozial guztien jabe behar dutela izan defendatzearekin batera. Era berean, bortizkeria guztiak alboratu ditu: «Baita ETArena ere, baten batek faltan botako balu», adierazi du espainiar Gobernutik heldu zaizkion kritikei erantzunez.

Honela, Nafarroa nafarrek nahi dutena izango dela adierazi du eta herrialdea «subjektu politiko» gisa aitortu behar dela azpimarratu. Horregatik, autogobernurako trasnak batze aldera lan egingo duela iragarri du, eta aldaketa «geratzeko irtsi» dela argudiatu. «Madrilgo Gobernuak kide leial bat izango du hemen, baina baita negoziatzaile nekaezin bat ere», esan du.

Duguna dantza taldeko Aritz Ibañezek aurreskua dantzatu dio lehendakari berriari, kargu hartze ekitaldia bukatzeko.

Ekitaldi jendetsua

Ekitaldia oso jendetsua izan da eta politika eta gizarte alorreko ehunka lagun izan dira. Nafarroako Gobernuko eta Legebiltzarreko lehendakari ohiak bertan izan dira, funtzioetan den Gobernuko kideak, Parlamentuko ordezkariak, Aragoi eta Errioxako gobernuetako lehendakariak, espainiar Nekazaritza eta Ingurumen ministro Isabel Garcia Tejerina; Gasteizko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, EAJko Andoni Ortuzar, Aitor Esteban eta Izaskun Bilbao, EH Bilduko EAEko parlamentari Rebeka Ubera, Enrique Villarreal ‘El Drogas’...

Kontseilarien kargu hartzea, bihar

Uxue Barkosek, kargua hartu ondoren, Gobernu berriaren egitura arautzen duen eta kontseilari berriak izendatzen dituen dekretua sinatu du.

Sailburuek bihar hartuko dituzte ofizialki karguak, Gobernuaren egoitzan.