Boisen abuztuaren 2ra arte ospatzen ari den jaialdiak erabakitze eskubideari buruzko jardunaldia egingo du gaur. Bertan izango dira David H. Bieter, hiriko alkatea, Pete Zenarruza Fundazioko ordezkariak eta Center for Basque Studieseko kide den Xabier Irujo. Ibarretxe lehendakari ohia ere bertan izango da, bere liburua aurkezteko. Euskal Herrian 00.30ean hasiko da ekitaldia, Agirre Lehendakaritza Center, Columbia University eta Gure Esku Dagok antolatuta.
Iñigo Urkullu buru duen Lakuako Gobernuaren ordezkaritza hainbat ekitaldi eta bileratan izan da egun hauetan. Urkulluk adierazi du «sekulako» giroa topatu duela, eta nabarmendu du «euskal identitatea sentitzeak politika, ekonomia eta sozial arloetan harremanak estutzea» ahalbidetzen duela.
Lankidetza estutzen
Iñigo Urkullu hainbat ordezkarirekin batzartu da egun hauetan, horien artean Boiseko alkate David Bieterekin. Alkateak euskal jatorria du, eta Euskal Herritik kanpo euskaraz mintzatzen den alkate bakarra da, Lakuako Gobernuak dioenez.
Lehendakariak eta biek adierazi dute Euskal Herriaren eta AEBen arteko lankidetza sendotzen jarraitzeko borondatea dutela, erakundeei, enpresei eta kultur alorrari begira. Horretarako, EAEko agintariak Donostia 2016 proiektuan parte hartzeko aukera eskaini dio Boiseri.
Horrekin batera, Urkullu Idaho estatuko gobernadorearekin, C.L. Butch Otterekin, elkartu da Boisera egin duen bidaian. Idahok eta EAEk elkarlanean jarduteko esparruak ipini dituzte mahai gainean, alor ekonomikoan zein kulturalean.
«Euskal Herritik kanpora, Boise da euskal presentzia handiena duen hiria, bai alderdi kulturalari erreparatuta, bai alor politikoan bertan», nabarmendu du lehendakariak. Otter gobernadoreak adierazi du euskaldunen kultur ondarea nabaria dela Idahon, eta ondare hori zati erabakigarria dela estatua bera definitzeko garaian.
EH Bilduren ordezkaritza
Boisera EH Bilduko ordezkaritza bat bertaratu da, Josu Juaristi eta Jon Iñarrituk osatua. Bertaratzean Boiseko ikastola eta Euskal Etxea bisitatu dituzte, eta AEBra bidaiatu zuten Zeberio eta Bidaniako kodrila batekin izan dira, Josu Juaristik twitteren adierazi duenez. Gaur ospatuko den erabakitze eskubidearen jardunaldiaren barruan antolatu duten mahai-inguru batean parte hartuko dute.
Jaialdiaren harira, AEBko euskal diasporako hainbat pertsona ‘Free Otegi, Free Them’ kanpainara atxiki dira, horien artean North American Basque Organizationseko kide gailenak.