«Erabakiaren aroa hasi da, herri hau hautetsontziei begira jarri da», esan zuen Gure Esku Dagok ekainaren 21ean herriz herri jositako ohialekin bost euskal hiriburutan hautetsontziak irudikatu ostean. Orain, orduan iragarritakoa abian jartzeko momentua iritsita, ohar bidez iragarri dute ikasturteari «hausnarketa ireki eta partehartzaile» batekin helduko diotela.
Irailaren 26ean ekingo diote ‘Eskura’ izenarekin bataiatu duten prozesuari eta azaroaren 21ean egingo den Batzar Nagusian amaituko da lehen urrats hau. Ekainean osatutako hautetsontziei «erabilera eman nahi diegu, erabaki egin nahi dugu», dio ekimen herritarrak bere oharrean. Beraz, prozesuaren helburua «hautetsontzietatik erabakira iristeko bidea diseinatzea» dela diote. Prozesuaren beraren eta parte hartzeko moduen inguruko informazio gehiago hurrengo astetik aurrera jakinaraziko dutela ere adierazi dute.
Gure Esku Dago, ANC eta Sumate Bartzelonan
Kataluniako bozketa erabakiorraren bezperan ekingo dio, beraz, Gure Esku Dagok erabakia gauzatzeko bide orri zehatza diseinatzeari. Bertan da, egun hauetan, dinamikako ordezkaritza, Anjel Oiarbide eta Zelai Nikolas bozeramaileak tartean. Azken honek, Jordi Sanchez ANCko presidentearekin eta Paco Martinez Sumateko ordezkariarekin parte hartuko du Bartzlonako Euskal Etxeak gaur iluntzerako prestatu duen hitzaldian. 19.00etan izango da mintzaldia, ‘Erabakitzeko eskubidea Katalunian eta Euskal Herrian’ izenburupean.