NAIZ
IRUÑEA

Nafar Gobernuak ikasle guztiei D ereduan ikasteko aukera eskainiko die hurrengo ikasturtean

2015-2016 ikasturtean D eredua ikasle guztien eskura egongo dela iragarri du Jose Luis Mendozak, nafar Gobernuko Hezkuntza kontseilariak. Bestetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) finantzaketa eredu berri batez gain, Medikuntza Fakultate baten sorkuntza dute helburu.

Erdian, Jose Luis Mendoza, Iruñeko Parlamentuan. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Erdian, Jose Luis Mendoza, Iruñeko Parlamentuan. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Nafar Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, Jose Luis Mendozak, hurrengo ikasturtean ikasle guztiek D ereduan ikasteko aukera izango dutela iragarri du. Gertutasunagatik dagozkien ikastetxeetan edo gertuen daudenetan eta laguntza ekonomiko baten bidez bermatuko dutela azaldu du. 

Eremu ez-euskaldunean «ikastolekin prozedura berezi bat» lantzen ari dira, bi sareekin «elkarlan sistema bat garatze aldera».

Iruñeko Parlamentuan egindako agerraldian, «kalitate goreneko hezkuntza publiko baten alde» ari direla azpimarratu du, eta horretarako «aukera berdintasuna» ezinbestekotzat jo du. Zentzu honetan, derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo ikasketetan, egoera ekonomiko larrian dauden familiek jasotzen dituzten laguntzak %10ean igoko dituzte.

LOMCE ere baztertu egin du, «sektarioa eta bereizlea» dela adieraziz. NUPen, finantzaketa eredu berri batez gain, Medikuntza Fakultate baten sorkuntza dute helburu.

Bestetik, hezkuntza liburuak doakoak izateko prozeduran ari dira eta Kultura sailarekin lanean ikasleek Nafarroako ondasun historiko, artistiko eta kulturala eskura izan dezaten. Erlijio ikasgaiaren inguruan, aldiz, «eremu familiarren landu beharrekoa» dela azpimarratu du eta beraz, ikasgai honen irakasleak Administrazioaren eta ez Elizaren esku egotea aldarrikatuko dute.