Bake prozesuaz eztabaidatzeko saioa burutzen ari zirela hartu du hitza Rafa Larreinak Kolonbiako Kongresuko osoko bilkuran. Amaiurren izenean, herrialde horretako bake prozesuari babes osoa adierazi dio eta ager daitezkeen oztopoak gainditzeko beharra azpimarratu du, «bakeak merezi duelako».
Bere hitzartzean, gogor kritikatu du Gobernu espainola, Kolonbiako bake prozesuari sostengua agertzen dion bitartean «euskal gatazkaren konponbidean oztopoak jarri besterik ez duelako egiten».
Larreinaren esanetan, justizia trantsizionalaz Habanan erdietsitako akordioak «bakea lortzeko oinarri sendoa» jartzen du eta, zentzu horretan nabarmendu «akordio horiek beste gatazka batzuei ateak irekitzen» dizkietela, «euskal gatazkari, adibidez».
Kongresuan hitza hartu aurretik, Alderdi Liberaleko, Polo Demokratikoko eta Berdeen alderdiko ordezkariekin bilerak egin ditu Amaiurreko diputatuak, bakea hizpide hartuta.
Horrez gain, Marcha Patriotica mugimenduko arduradunekin ere izan da Larreina eta, prozesuaz ez ezik, La Guajira eskualdeko egoera larriaz ere mintzatu da haiekin, bertan ari diren enpresa transnazionalek «kalte handia» egiten baitiote ingurumenari eta bertako herritarrei.