GARA
BILBO

Bilbaopoesia literatur jaialdia urriaren 14tik 23ra izango da

Poeta gazteen txanda izango da urriaren 16an. Miriam Reyes, Yolanda Castaño, Miren Agur Meabe eta Sholeh Wolperen errezitala iragarri dute. Wope idazle irandarra da aurtengo gonbidatu berezia.

Bilbaopoesiak gaua izango du ardatz aurten. Urriaren 14tik aurrera, Gabriel Arestiren egunaren ospakizunarekin bat etorriz, hamar egunez kontzertuak, errezitalak eta hitzaldiak antolatuak dira.

Jardunaldien lehen egunean Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola eta Arantxa Urretabizkaia idazleak solasaldian arituko dira “Adiskidearen memoria” izenburupean, Aresti gogoan.

Hurrengo egunean, Clara Janesek eta Zeno Bianuk “Bide ezezagunak” hitzaldi-errezitala eskainiko dute.

Poeta gazteak

Egitarauan aurrera eginez, poeta gazteen txanda izango da hilaren 16an. Miriam Reyes, Yolanda Castaño, Miren Agur Meabe eta Sholeh Wolperen errezitala iragarri dute. Wope idazle irandarra da aurtengo gonbidatu berezia.

Urriaren 17an jarduera bikoitza izango da. 20.00etan Rafael Berriok kontzertua eskainiko du “Paradoja” bere azken lana aurkeztuz. Aurretik, eguerdiko hamabietan, jaialdia Erriberako merkatura joango da. Bertan, Miriam Reyes, Ana Perez Cañamares eta Itziar Minguezek “Noches poéticas” errezitalean parte hartuko dute.

Bilbaopoesiaren edizio honetan jakin-min gehien sortu duen ekitaldietako bat izango da astelehenean. Izan ere, Antonio Colinas poeta eta Lina Tur Bonet biolin-jotzailea aurrez aurre arituko dira. Bien elkarlanaren emaitza, “La noche transfigurada”.

Urriaren 20an, Chantal Maillarderen “Matar a Platón en concierto” lanean oinarritutako poesia-musika ekitaldia egingo dute Chefa Alonsok (haize eta perkusio musika tresnak) eta Jorge Friasek (kontrabaxua).

Aurreko edizioetan bezala, “Zurgai” poesia aldizkariak leku berezia izango du. Urriaren 21ean, “Noche más allá de la noche” ikus-entzunezko errezitala eskainiko da Marina Perez Fernandez, Miguel Cuadrado Gonzalez eta Pablo Gonzalez Langarika poetekin. Azken hau argitalpenaren zuzendaria da.

Jaialdiaren azken txanparako Euskal Herriko poeten errezitala izango da. “Cuando la ciudad duerme” saioan Harkaitz Cano, Karmelo Iribarren eta Jose Fernandez de la Sota arituko dira.

Azkenik, urriaren 23an “Noche del amor insomne” poesia-musika errezitala izango da, Bizkaiko Elkarte Artistikoaren eskutik.

Ekitaldi gehienak 19.30ean egingo dira Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan. Jarduera guztietarako sarrera librea izango da, eserlekuak bete arte. Informazio gehiago www.bilbaokultura.net helbidean.