naiz
IRUÑEA

‘Hartu, tenka, tira’ lelopean ospatuko da 2016ko Nafarroa Oinez Viana eta Lodosan

Sokatiran epaileak ematen dituen aginduak hartuz, ‘Hartu, tenka, tira’ lema aukeratu dute 2016ko Nafarroa Oinezerako, zeina Lodosa eta Vianako ikastolek antolatuko duten.

Lodosa eta Vianako ikastolek antolatuko dute 2016ko Nafarroa Oinez. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Lodosa eta Vianako ikastolek antolatuko dute 2016ko Nafarroa Oinez. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

‘Hartu, tenka, tira’ leloarekin iritsiko da Nafarroa Oinez Lodosa eta Vianako ikastoletara 2016an. Sokatirako epaileek erabiltzen dituzten aginduak kontuan hartuta, «proiektua elkarrekin zuzentzeko helburua» islatu nahi izan dute, baita soka ezberdinen batasunen ikurra: «Horrela sendoagoa, hauskaitza den soka berri bat sortu nahi dugu».

Nafarroan bi ikastolak euskararen aldeko jaia elkarlanean antolatzen duten lehenengo aldia izanen da, Vianako Erentzun ikastolak eta Lodosako Ibaialde ikastolak, hain zuzen ere. Euskara hain hedatuta ez dagoen eremuan kokatzen dira biak, eta honi buelta emateko lanean ari dira: «Zonalde honetan euskara berreskuratu eta normalizatzeko haziak dira bi ikastolak», azaldu dute gaur prentsa aurrean Iruñean egindako agerraldian.

Jakinarazi dutenez, hilabete honetan bi aurkezpen izanen ditu Nafarroa Oinezek. Lehena, azaroaren 21ean, Lodosan, eta bigarrena, hilaren 29an Vianan. Biak ala biak, herrietako Kultur Etxean ospatuko dira.